2013/11/25

#TantazTanta [Bideoa] Izan Zaitez Tanta kanpania jarri dute martxan U11ko itsasoa osatzeko

Tantaz tanta itsasoa gara ekimenak webgune berria aurkeztu egin du, eta horrekin batera "tanta" izateko aukera zabaldu du.



TantazTanta.info webgune berria



"Tantaz tanta" ekimenak bere webgune berria aurkeztu du gaur. Haren bidez tantak biltzen hasi da urtarrilaren 11ko itsasorako. Giza eskubideen,konponbideen eta bakearen aldeko harpidetza kanpaina handia da, "tantaz tanta gizarte honen gehiengoaren borondatea" bildu nahi duena, eta helmuga Bilboko mobilizazio handia izanen duena.

Hemendik aurrera, ekimen honek tanta bihurtzeko gonbidapena egiten die "gauzak aldatu eta prozesuari energia positiboa" eman nahi dioten pertsona guztiei. "Horretarako, gauza bakarra egin behar da: webgunean sartu, eta "Izan zaitez tanta" atalera joan, eta bertan eskatzen zaizkizun eremuak bete. Datuak bidalita, onarpen-email bat iritsiko zaio tanta berriari, itsaso honen parte dela konfirmatzen diona.

Gaur goizean zabaldu den bideoan honela esaten zaigu: "Behin tanta bihurtuta, bustitzeko eskatuko dizugu, mugitzeko, komunikatzeko". Proposamena argia da: denok izan gaitezela itsaso honen komunikazio bide, nork bere ingurune sozialean iturburu txikiak antolatu ditzala, sormena erabil dezagula urtarrilaren 11ko hitzordua zabaltzeko. Beraz, egizu zure kartela, zure iragarkia, zure argazki edo komikia, zure kantu eta komunikatua...Tanta aktiboa izateko eskatzen dizugu, eta zure aportazioak helbide elektroniko honetara bidaltzeko: info@tantaztanta.info". Aportazio guztiak sare sozialetan zabalduko dira, hashtag honekin: #TantazTanta.

Tantaztanta.info webguneak informazio asko ematen digu ekimenari buruz: kartelak eta euskarriak, kanpainaren gida, manifestua, bideoak, jasotako aportazioak... "Zer da tanta izatea? Konpromiso bat da, jarrera bat. Bustitzea da, ekitea, komunikatzea, nork bere esparrutik eta ahal duen heinean. Gauzak aldatu nahi dituen herri ekimen handi baten harpidetzea da, jokoan asko dugun une historiko honetan protagonista izatea", hain zuzen ere. Mobilizazio bati atxikimendua ematea baino askoz harantzago doala diote Tantaz Tanta itsasoa gara ekimeneko bultzatzaileek. "Prozesuari energia positiboa eman nahi dion ekintza sozial erraldoi batean esku-hartze aktibo izatea da. Zeren, estatuen jarrera ikusirik, herritarren konpromisoak baizik ez ditu gauzak mugiaraziko, eta zeregin horretan ezinbestekoak dira gure tanta guzti-guztiak".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada