2013/11/05

Larunbatean, Gernikan, datorren urtarrilaren 11ko sakabanaketaren kontrako itsasoaren aurkezpena egingo da

Urtarrilaren 11ko Bilboko mobilizazioa aurkezteko ekitaldia egingo da larunbatean Gernikako Astran. Herritar orori hara joateko deia luzatu diote antolatzaileek.

“Tantaz tanta, itsasoa gara” kanpainaren hasiera izango da, eta datozen asteetan "gizartearen gehiengoa aktibatzea giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso handi bat sortzeko" izango dute helburu. Eskakizun nagusia sakabanaketaren bukaera izango da.

Ekimen berri honen sustatzaileen hitzetan, "gizarteak Bilbon urriaren 5eko manifestazioan Herrira-ren kontrako sarekadari emandako erantzuna ezin izugarri jendetsua izan zen, eta milaka lagun agertu dira prest preso eta erbesteratuen giza eskubideen aldeko lanean hasteko, lekukoa hartzeko. Orain, gure desafioa urtarrilaren 11ko mobilizazioa da, gizartearen bultzadari esker maila politikoan blokeatuta dirudien egoera gainditzeko oso garrantzitsua izango baita".

Kanpaina honek dirauen bitartean, herritarren inplikazioa izango da euren helburua: tantaz tanta, pertsonaz pertsona, gizartearen gehiengoak pauso bat emateko aurrera, eta urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko.

Aurreratu duten moduan, egingo dena ez da ohiko manifestazio bat izango. "Egun horretan itsasoa izango gara. Konponbideak eskatuko dituen gizarte esku-hartze erraldoia izango da, azken hamarkada hauetan Euskal Herrian egin den kontzentrazio handiena.", adierazi dute prentsa ohar baten bidez.

Datorren labunbatean, azaroak 9, iniziatiba honen bultzatzaileek lehenbiziko iturburua antolatu dute, "pixkana-pixkana urtarrilaren 11ko itsasoa osatzeko". Gernikako Astra kulturaren fabrikan izanen da. Lan jardunaldia egingo dute kanpainaren filosofiari eta helburuei buruz, eta 12etan jendaurreko ekitaldia egingo da.

"Herritarrei iturburu honetan parte hartzeko gonbidapena egiten diegu. Denok sortu behar dugu iturburua, aste hauetan nork bere tanta jarriz gauzak aldatzen has daitezen", esan dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada