2013/11/08

[Bideoa] Kontsumismoaren aurkako kanpaina bat jarriko du martxan Berriozarko Gazte Asanbladak

Azaroa eta Abenduaren bitarte ekimen ugari burutuko dira "kontsumismoak eragiten digun zoriontasun faltsuaren" inguruan hausnarketa egiteko eta alternatibak bilatzeko.




Gaur egungo gizartea kontsumismora bideratua dagoela ez dago zalantzarik. Izan ere, gizarte honetan bizirauteko beharrezkoa da kontsumitzea. Baina zer da kontsumitzea eta zer da kontsumismoa galdetzen diote euren buruei Berriozarko gazteek.

Ondasun eta zerbitzuen beharra asetzean kontsumitzen dugula esaten dugu. Kontsumismoaren menpe gaudela esatean, gehiegi kontsumitzen dugula, hau da, arrazoirik edo beharrik gabe kontsumitzen dugula, esan nahi da, azpimarratzen dute Berriozarko Gazte Asanbladatik. "Kontsumismoak zoriontasun faltsu bat eragiten digu, sinestarazi egin nahi digu geroz eta gauza gehiago izateak zoriontasuna ekartzen digula. Baina jokamolde horrek benetan zoriontsu egiten duena merkatua da, eta bereziki enpresen jabeak", salatzen du BGA-k.  "Hau da, kontsumismoak dugun kapital gutxia xahutzera bideratzen gaitu enpresaburuak aberasteko".

Owly ImagesEgungo gizarte ohiturek kontsumoa dutela oinarri ere uste dute gazteek. "Eguberritan opariak egin behar dira, eta garrantzitsua da opari horiek erosiak izatea". Urtebetetzeetan ere berdin, ezkontzean, seme-alabak jaiotzean,... Laburbilduz, data garrantzitsuetan opariak erosten dira, nahiz eta beharrik ez egon. Gazteek ohartzen dira "antzinan egiten ziren botika naturalak, gauzak modu askotan berrerabil daitezkeela eta zerbait apurtzean konpondu daitekeela" ahazten zaigula.

Guzti hau aldatu behar dela uste dute BGAko gazteek, eta horregatik martxan jarri dute kontsumismoaren aurkako kanpaina bat; hitzaldiekin, tailerrekin eta elkartruke azoka alternatibo batekin. Azaroaren 10etik aurrera eta abendura bitarte egingo dira ekimenak, herriko Gaztelekuan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada