2013/11/12

[Bideoa] El Drogas-ek Sanduzelain okupaturiko bi etxeekin elkartasuna erakutsi zuen

Ehunka pertsonek hartu zuten parte pasa den astean Iruñeko Sanduzelai auzoan 'berreskuraturiko' bi pisuen aldeko jaian. PAH-k okupatu zituen aipatu bi etxeak, 'Etxe hutsik ez' kanpainaren barruan, eta plataforma-kideek ekintza hauekin jarraitzeko borondatea agertu dute, Nafarroako Gobernuak arazoan esku hartzen ez duen bitartean. Igande goiz euritsuan zehar bertaratutakoek karidadetik bizi ziren bi familien bizileku berrien atontze lanak nola doazen ikusteko modua izan zuten. Barricada taldeko abeslari ohi El Drogasek babesa agertu die etxeetan sartu diren familiei, Sanduzelaiko auzo elkartean haren talde berriarekin emaniko kontzertu baten bitartez.





El Drogas-ek aipatu duenez gozatu ederra hartu zuen atzoko kontzertuarekin: "Hau da guk gustuko duguna, karrikan jotzea. Aurreko astean Logroinoko kartzelan jo genuen, atzo Sanduzelain... Etxe hoiek 15 urte zeramatzaten hutsik. Eta argi dago, Barricadaren kantuak esaten zuen bezala, inork ez dizkigula giltzak eskura emanen. Kontuak nola dauden ikusita, ekintza zuzena da behar duguna, eta Sanduzelaikoa horren adibide da", adierazi zuen Enrique Villareal-ek.

Etxeak jada margotu egin dituzte, eta auzolanean konponketa guztiak egiten ari zaizkie. PAH-ko kideek aurreratu dutenaren arabera, etxeek bi familia hartuko dituzte: "Auzoko bizilagun berriak gara. Eraikin hauetan bizitzen jarraitzen zuten famili urriek ongietorria eman digute. Urteetan Nafarroako Gobernuari etxe hauen egoerari buruzko kexak helarazi dizkiote. Usoak. Arratoiak. Eta kasurik ez", kexu dira.

PAH-ko bozeramaleek Nafarroako Gobernuko Sustapen Kontseilariaren hitzak arbuiatu dituzte. Okupazioaren berri izan bezain pronto, kontseilariak jabego bat inbaditzea zuzena ez dela leporatu zien, eta Camineroen etxe hutsen berreskurapenean lan egiteko borondatea dutela gehitu zuen. PAH-ri ere elkartzeko gonbitea luzatu zion.

PAH-tik zera erantzun diote: "Etorri, etorri etxe hauek zaharberritzen laguntzera, eta lan egiten dugun bitartean, nahi duzuenaz solastuko gara. Solas eginen dugu, bai, baina bidenabar usoen habiak garbituko ditugu, Vivian-en familiari etxe bat emateko. Vivian orain gela batean alokatua bizi da, bere senarra eta 13 urteko alabarekin batera, alokairuak balio dituen 250 euroak ezin ordaindu".

Etxeen okupazio edo 'berreskurapenarekin' jarraitu asmo dutela azaldu dute, Nafarroako Gobernuak neurririk hartu ezean: "Gobernuak orain arte egin duen bakarra promotorei mesede egitea izan da. Etxebizitzak negozio gisa hartzen dituzte, eta ez zerbitzu publiko bezala. Familia andana behar larria eukita, eraikin asko hutsik eta abandonaturik dauzkate".

1 comentario:

  1. Guk egiten dugu mundua, langileok, zuk eta nik, ez ustelduek. EZ AHAZTU! Sentitu, pentsatu, eta guztion ekinaz egin!
    Gora Herria Aupa Zuek.

    ResponderEliminar