2013/11/25

Altsasu: Elkartasunak epeldu du atxiloaldiaren hotza

Seinale batzuk ezabatzea leporatuta auzipetuak eta zigortuak izan diren Claver eta Ramirez de Aldak ez dute babes faltarik izan asteburu osoan zehar. 80 lagun bildu ziren larunbatean bertso bazkarian eta 300 pasatxo manifestazioan. “Espaloitik” ez direla jaitsiko berresteaz bat, “euskararen alde egotetik, alde egitera” pasatzeko deia egin diete euskaldunei.




Sei mila euroz gaindiko isuna ordaindu ostean 48 orduko lokalizazio iraunkorra betetzen ari ziren Altsasuko EHEko kideak euskaltzale andanaren elkartasuna eta babesa jaso zuten asteburu osoan zehar.

Larunbateko goizeko lehen ordutik aurrera hainbat izan dira Altsasuko Gure Etxea eraikinera hurbildu zirenak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati edota Altsasuko Alkatea tartean. Euskal Herriko beste herri eta auzoetatik bertaratutako EHEko hamarnaka kideez gain, herriko bizilagunek ere auziperatuen alboan egon nahi izan zuten. Zentzu berean, Sakanako Ernaik elkarretaratzea egin zuen larunbatean.

Horren ostean, Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz bertsolarien hitzak eta doinuak lagun, bertso-bazkari umoretsuaz gozatzeko parada izan zuten mahaiaren bueltan ziren 80 bat lagunek.

Berau bukatu eta gutxira, iluntzeko 18:30ak aldera hasi zen "Euskaraz bizitzeari zigorrik ez. Ezabatu eta euskaraz bizi!" lelopean Altsasuko kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsua. 300 euskaltzale pasatxo bildu zituen mobilizazioak abiapuntu izan zuen lekuan bertan, Foruen Plazan bukatu zuen ibilbidea. Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda auzipetuak Gure Etxea eraikineko balkoi nagusian ziren manifestarien zain ekimenari txapela jarriko zion idazkia irakurtzeko prest.

Zigorrak zigor "espaloitik" ez direla jaitsiko ozen aldarrikatzeaz gain, euskaldunei "euskararen alde egotetik euskara alde egitera" pasatzeko deia egin zieten.

Aldarrikapenaren ondotik iritsi zen berriz ere festarako tenorea. Pintxo-potea bukatuta, gaueko 22:00ak aldera zen hastekoa Kinada taldearen kontzertua. Karaokearekin eman zitzaion bukaera larunbateko egitarauari.

Hala ere, Altsasuko EHEk aste osorako egitaraua prestatu du, eta igandean ere ekimenak izan ziren. Horien artean azpimarratzekoa Eneko Garaialdek "Desobedientziatik intsumisiorantz: bide bat" goiburupean eman zuen hitzaldia.

Euskaraz bizitzeagatik zigortuta

Altsasuko EHEko Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda 48 orduko lokalizazio iraunkorrera eta 6.000 euroz gaindiko isuna ordaintzera kondenatu zituzten iaz, trafiko seinale batzuk ezabatzea leporatuta, ekintza konkretu bakar bat ere frogatu ez zen epaiketa baten baitan.

Larunbata gauerditik igande gauerdira bitartean bete zuten zigorra Ramirez de Aldak eta Claverrek. Alta, atxiloaldia euren etxean bete ordez, Altsasuko Gure Etxea eraikinean bete egin dute beste hainbat euskaltzalerekin batera. Euren helburua, baina, ez da "azpiratu nahi gaituztenen zigorra betetzea", epaiari buelta eman eta 48 orduok euskaraz bizitzearen alde egiteko baliatzea baizik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada