2013/11/06

Altsasu: 6.000 euroko isuna eta bi eguneko etxeko atxiloaldia euskaraz bizi nahi izateagatik

Arg. Hitzondo.net
Altsasuko EHEko bi kide etxeko lokalizazio iraunkorrera zein isun ekonomikoa ordaintzera zigortu dituzte "Ezabatu eta euskaraz bizi" ekimenean parte hartzearren. Prozesu judiziala "euskaraz bizi nahiagatik" jasan dutela adierazi eta "kolonialismoa garaian" bizi garela salatu dute. Baita "espaloian tinko" jarraituko dutela berretsi ere. Zigorra "Gure Etxea" eraikinean egingo dutela argitu eta herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu diete.


Euskal Herrian Euskaraz webgunean informatzen denez, Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzaleko kideak azaroaren 23an eta 24an etxeko lokalizazio iraunkorrera eta isun ekonomikoa ordaintzera zigortuak izan dira (aurretik 6.000 euroko isuna ordainduta dute jada), "Ezabatu eta Euskaraz Bizi” dinamikaren baitan Foruzainek identifikatu ondotik. Hamaika altsasuarrek babestuta egin dute agerraldia, auziaren nondik norakoak azalduz.

2011an hasitako prozesu judiziala testuinguruan kokatu dute. EHEko kideen ustez "euskaraz bizi nahiagatik" izan dira epaituak eta zigortuak. "Ez da euskaldunok jasan behar izan dugun lehenengo zigorra" eta azkenekoa ere izango ez dela gogorarazi dute. Eraso horien iturria "euskara, euskaldunak eta euskal herritarrak azpiratzea helburu duten" borondate politiko eta marko juridikoa jo dituzte, "Espainiako eta Frantziako Konstituzio"ei euskaldunak jokoz kanpo kokatzeko tresna nagusi izatea egotziz. Zigortuen irudiko "kolonialismo garaian bizi gara oraindik". Logika horren baitan, "gure herrian enegarren mailako herritar izatera kondenatu gaituzte aspaldi; otzanak, obedienteak izan behar dugu, garena izategatik zigorrarekin topatu nahi ez badugu".

"Euskaldun izatearen harrotasunak" bultzatuta atera zirela kalera eta zigorrak zigor "euskaraz bizi ahal izateko" gogotsu lan egingo dutela adierazi dute, "espaloian tinko".

Azkenik, ezarritako zigorra azaroaren 23an eta 24an “Gure Etxea” eraikinean beteko dutela argitu dute. Herritarrei haiekin bat egiteko deia luzatu diete: “Gure Etxea eraikinetik atera gabe pasatu behar ditugun bi egun horietan euskaraz bizi nahian berretsiko gara eta guztion artean Altsasun zein Euskal Herri osoan euskaraz bizi nahia ozen entzutea lortuko dugu!".

Bi egun horietako egitaraua erabakitzeko batzarra ospatuko dute etzi "Gure Etxea"n bertan.

1 comentario: