2013/10/10

Iritzia: "Orain itsasoa gara"

Herriraren kontrako sarekadan 
atxilotutako kideak

Zaila da benetan lerro gutxi batzuetan laburbiltzea azken egun hauetan izan dugun sentimendu uholdea, bai Herrira-ren kontrako operazioaren ondorioz atxilotutako 18 lagunok, bai bidegabekeria hura ikusirik sumindu zaretenok, milaka eta milaka jendek alegia.



Hasteko, harridura, guardia zibil mordoa Hernaniko egoitzan oldarka sartzen ikustean, komandoen operazio baten gisa. Taldeko buru zihoanak bere metrailetaren laserraz apuntatzen gintuen aurrera egin ahala, eta atzetik beste hainbat zetozen; kolpeka eta garrasika aurrean eraman eta paretaren kontra jarri gintuzten, armak buruetara zuzenduta. Bilera amaitutzat eman genuen, jakina, eta aldi berean antzeko erasoak gertatu ziren Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzetan. Eta atxiloketa gehiago ere bai.

Harriduraren ostean, sumindura, haserrea, berriz ere egin zutela pentsatzea, deus ere ez ulertzea, hortzak estutu eta 12 ordutik gora esku-burdinak jarrita aguantatzea, hura irensteko ahaleginetan, baina kaletik iristen zitzaigun adoreak eta energia positiboak bihotza beroturik. Operazioa zuzentzen zutenek pozarren erakutsi zizkieten hedabideei ehizaldian eskuratutako piezak, eta, ondoren, Intxaurrondon geldialdia eginda, Madrilera eraman gintuzten, Tres Cantos-ko Komandantziara. Hantxe zenbaketa egin, eta 18 ginela jakin genuen.

Beste 48 ordu eman behar izan genituen giltzapean, kaputxadunez inguratuta, komunera joateko garaian ere, ziegako argia etengabe piztuta, ordua jakin gabe… “Altxa, jarri paretaren kontra, egin bi pauso atzerantz”, eta zulotik ateratzen gintuzten, besoak bihurrituz eta burua lurrerantz bultzatuz. Torturaren gertalekua zen, aktore berberak, erritu berberak, baina arau berri batekin, ez geunden inkomunikatuta, eta horrek sentipen kontrajarriak eragiten zizkigun. Gaizki tratatuak sentituagatik ere, zorionekoak ginen, tratuak okerragoak izan zitezkeela jakinda, galeria haietan gertatutako izugarrikerien berri bagenuelako. Gainera, ilusioz beteak ginen, geroz eta hunkituago kanpotik zetozen berriengatik, Herrira-z harro, elkartasuna erakusten ari zen jendeaz, zuetaz guztioz.

Lotsa ematen badu ere, esan dezakegu euskaldun talde bat, behin bada ere, oroitzapen gozoekin atera dela toki lazgarri hartatik. Lasai geunden, pozik egindako lanaz, konfiantza osoa genuen kanpoan zinetenengan eta burua prestatzen ari ginen bolada luze bat espetxean emateko. Mingarria zen oso, mehatxu larria zen gure etorkizun pertsonalerako eta mugimenduaz genituen ilusioetarako eta proiektuetarako, baina Auzitegi Nazionalera iritsi ginenean jokaldi hartan irabazle ginela sumatzen genuen, helburua betea genuela: zuek guztiok zineten jada Herrira, zuek guztiok zarete edalontziko urak gainez egin dezan behar-beharrezkoa den tanta.

Astelehenaren hasierak ustekabea ekarri zigun, eta ostegunaren amaierak beste bat, are handiagoa: etxerako bidea hartu genuen, 18ok, gure gertukoen aldamenean eta inoiz baino zoriontsuago. Eldarniozko akusazioekin auzipeturik eta besapean Herrira-ren jardueraren eten behartua genuela itzuli ginen, baina bere larritasunean ere txikikeria iruditu zitzaigun, egiaz garrantzia zuena zuen tanta guztiak zirelako.

Atzera begiratuta, Anaitasuna kiroldegiko ekitaldian fase eta erronka berri baterako proposamena luzatu genizuen: tantaz tanta, itsasoa gara. Abiapuntua, gizartean dagoen adostasun zabala, giza eskubideen errespetuan oinarritua egongo den eta bakean eta konponbidean lagunduko duen espetxe-politikaren beharraz. Gai hori, hortaz, ez dago soilik alderdi edo sektore jakin baten eskuetan, gizarte osoari dagokio, interes sozialeko gaia da, eta gehiengoak bat egin du helburu horrekin. Madrilen eta Parisen jarrera itxiaren aurrean, bide bakarra ikusten genuen helburu hori lortzeko: gehiengo horren balioa nabarmenarazi eta abian jartzea, tantaz tanta, estatuek gainez egin dezaten, mugiaraz ditzagun. Gehiengoa pertsonaz pertsona, herriz herri eta esparru sozial guztietan aktibatzea zen gure asmoa. Tantari tanta gehitzen joango diren tantak gureganatu, eta haiekin bustitzea plazak, pilotalekuak, antzokiak, lantegiak, mendiak, udaletxeak, ikasgelak, merkatuak… Jarrera irekiaz lan egin behar dugu, ilusioaz, etsi gabe, jendearengan konfiantza izanik, euskal gizartea osatzen duen tanta-mosaikoa giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso geldiezina bilaka daitekeela sinetsirik.

Horretan ari ginen Guardia Zibila iritsi zenean: Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren berehalako erabakiak izango dituen ondorioak aztertzen, eta urtarrilaren 11ko  Bilboko hitzordua prestatzen, horixe baitzen fase berriaren abiapuntua, sakabanaketa ahalik lasterrena amaitzeko. Eta han, Tres Cantos-en, sekulako amorrua sentitzen genuen gure planak bidegabeki eta indarkeriaz hankaz gora ikusita. Baina, bai zera! Aske gelditzearen poza askoz handiagoa izan zen plazak tantak beteak zeudela ikusita, ohartzean gizartearen sektore guztietatik iristen ari zirela aportazioak, itsasoa sortzen ari ginela urtarrilaren 11ren zain egon gabe ere.

Horregatik, oso harro gaude zuetaz. Eta izugarri eskertzen dizuegu emandako sostengua, gure senitarteko eta lagunen ondoan egon izana hain momentu zailetan. Baina har dezagun kontuan une zailak eta giza eskubideen urraketak eguneroko ogia direla preso eta iheslari politiko guztientzat eta haien hurbileko jendearentzat.  Beraz, elkartasunaren olatu honek hazi eta hazi segitu behar du, gelditu gabe, hainbeste pertsonaren sufrimendua arindu arte. Eta ez dezagun ahaztu Herrira helburu hori lortzeko tresna bat besterik ez dela, eta itsasoarentzat tantak direla inportanteak, hau da, jendea, zuek denak. Hori dela-eta, iruditzen zaigu joan den larunbateko manifestazioa puntu gailen bat dela presoen giza eskubideen aldeko lanean eta beste fase bat hasi dela, aste honetako sentimendu guztiak barnebiltzen duena: harridura, ustekabea, amorrua, sumina, lasaitasuna, poza, esker ona, elkartasuna... Mugimendu baten jarduerak eten dituzte, baina askoz handiagoa izango den beste bati eman diote indarra. Eraso honekin, Espainiako Estatuak bere suntsipen-indarra deskargatu du gehiengoaren etorkizunerako bizikidetza-proiektuaren kontra, baina ez da ohartu lurrikara eragin duela, eta lurrikarak sekulako olatua, preso eta iheslarien itzulera azkartuko duena.

Beraz, olatuaren indarra baliatzeko eta handitzeko garaia da hau; bakoitzak bere esparruan eginen du, ahal duen neurrian, baina bistan da historiaren bidegurutze honetan gure tanta guztiak direla beharrezkoak, denon indarra, ideiak eta konpromisoa.

Bukatzeko, besarkada berezia bidaltzen dizuegu Herrira errealitate egin duzuen guztioi: lehenbizi, herri eta auzoetako bilguneetako kideei, zuen ahalegin, lan eta eskuzabaltasunagatik; eta baita gure ekitaldi eta mobilizazioetan lagundu eta parte hartu duzuenoi. Denon artean, ongi egindako lanari eta akatsei esker ikasiz, garrantzia handia izan duen historia bat idatzi dugu, eta denok gara horren egile.

Orain geroari begiratzea da gure eginkizuna. Orain itsasoa gara, preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko itsaso bat, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso bat. Tantaz tanta, itsasoa gara. Lortuko dugu!

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada