2013/10/25

#HerriHarresia Antsoainen eskubide zibil eta politikoen aldeko martxa antolatu dute iganderako

Owly ImagesHerritarren artean atxikimenduak bilatu dituzte Herriraren aurkako operazioa eta makroepaiketa politikoak salatzeko.

Igande honetan eskubide zibil eta politikoen defentsan manifestazioa egingo da Antsoainen, eguerdiko 13etan Lapurbide Plazatik abiatuta. Manifestazio honen helburua herri honetan azken garaietan ematen ari diren gertakari errepresiboak salatzea da. Batetik, Fermin Martinez eta Artzai Santesteban, “Segiko” auzia dela eta Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari dira. Bestetik, Imanol Karrera eta Jon Garay, Herrira Mugimenduaren kontrako polizia operazioan atxilotuak izan ziren.



Gertakari hauek salatu eta mobilizazio honen deialdia indartzeko asmoz hainbat pertsonen atxikimenduak jasotzen ari dira azken egunotan, eremu eta sektore anitzetako izenak bildu direlarik manifestu baten inguruan. Manifestu honetan Herriraren aurkako operazio poliziala egun Euskal Herriak bizi duen egoeran "atzerapauso kualitatiboa" dakarrela azpimarratzen dute, eta herritar guztien giza eskubideak, eskubide zibilak eta politikoak errespetatu behar direla aldarrikatzen dute, baita aste hauetan zehar Auzitegi Nazionalean, beste 38 lagunekin batera, epaituak izaten ari diren Fermin Martínez eta Artzai Santesteban bizilagunena ere.

Antsoaingo udalari eta antsoaindar guztiei herritar guztientzat eskubide guztien errespetuaren aldeko aldarrikapena eta lana egin dezatela eskatzen diete, are gehiago egungo egoera politikoan, "denon lana beharrezkoa baita bakea eraiki eta sendotzeko".

Manifestu honen sintzaileen artean herriko irakasle, elkarte ezberdinetan parte hartzen duten kideek eta udaletxeko NaBai eta Bilduko zinegotziak aurkitzen dira. Horiek guztiek igandean 13etan Lapurbide plazatik "“Eskubide Zibil eta Politikoen Alde” lemapean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatzen dute.

Bestetik, datorren asteazkena urriak 30 Udal osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko da. Udal talde gehienekin bilkurak egiten ari dira gertakari hauen inguruan irakurketa konpartitzeko eta osoko bilkurara adostutako mozio bat eramateko asmoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada