2013/10/22

#Hatortxurock 12 musika taldeak poltsiko guztiendako prezioan euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko abenduaren 28an Atarrabian

Antolatzaileek sarreren prezioa jeitsi dute eta aldez aurretik 15 euroen truke erosteko aukera izango da.

Hatortxurock elkartasun jaialdiaren 16. edizioa abenduaren 28an ospatuko da Atarrabian.

Jaialdi honen helburua euskal preso politikoei "modu ankerrean aplikatzen zaien sakabanaketa politika behin betikoz" bukatzea da, beraien senide eta lagunentzat "ikaragarrizko" zigorra suposatzen duena.

Aurtengo Hatortxurock egun bakarrean ospatuko da, azken urteetan bezala Atarrabia eta Burlata artean dagoen Entrecementerios deritzon eremuan. Ohi bezala, karpa erraldoi batean eginen dira kontzertuak, eta taldeek bi eszenatokitan joko dute, txandakatuz.

Edizio honetako alderdirik azpimarragarrienetakoa da sarreren prezioa jaitsi egin dela, antolakuntzak ahalegin handia egin du zailtasun ekonomikoko garai hauetan jendeari jaialdira etortzeko erraztasunak emateko. Hala, aldez aurretik hartuz gero 15€ balioko dute eta takillan 18€. Laster sarrerak noiz izanen diren eskuragarri eta salmenta puntuen zerrenda zabalduko da.

Elkartasun jaialdi honen ateak arratsaldeko 16:00etan irekiko dira eta kontzertuak 16:30ean hasiko dira. 12 taldek joko dute aurtengoan: Soziedad Alkoholika, Kaotiko, Governors, Ze Esatek, Flitter, Willis Drummond, Obrint Pas, El Trono de Judas, Glaukoma, Non Servium, Skakeitan eta La Raíz.

El Trono de Judas ikusteko azken aukera izanen da, izan ere, 17 urten ondoren, eszenatokiak uztea erabaki dute. Halaber, Obrint Pas talde valentziarrak azken kontzertua eskainiko du Euskal Herrian, eta gero taldea epe zehaztugabean desegin egingo da. 2006tik jo gabe zegoen Flitter Lizarrako taldearen itzulera ere azpimarratzekoa da, eta baita Governors talde arrasatearrarena ere. Biek ala biek disko berria dakarte, Rabioso lehenak eta abenduaren hasieran kaleratuko duten Morphinapolis bigarrenak.
Willis Drummond, Skakeitan, La Raíz eta Non Servium lehen aldiz igoko dira Hatortxurockeko taula gainera. Glaukomak Atarrabian estreinatuko du bere la berria, Vol. 2, urriaren 18an argitaratu zuena. Kaotikok eta La Raízek, bere aldetik, 2013an zehar kaleratu zituzten diskak aurkeztuko dizkigute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada