2013/10/09

EHEk ekimena egin du Iruñean Bilboko manifestaziora deitu eta Eskola Euskalduna aldarrikatuz

EHEk ekimena egin du Iruñean, Frantzia zein Espainiako Hezkuntza Ministro diren Pellon eta Werten hezkuntza erreformak salatzeaz gain, “ikasleak euskaldunduko dituen eta euskal curriculumaren baitan heziko dituen eskola euskalduna eraikitzearen beharra” azpimarratuz. Hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskaraz bizitzeko “euskal herritar guztiok euskara ezagutzea eta bertako hizkuntzari lehentasuna emango dioten hizkuntza politika burujabeak aplikatzea” eskatu dute.


Espainiako Hezkuntza Ministro Wertek besteak beste ikasleak “espainolizatu” asmoz LOMCE hezkuntza erreforma proposatu zuenetik makina bat mobilizazio izan da Estatu osoko karriketan zehar. Euskal Herrian ere gehiengo sindikal, politiko eta soziala aurka agertu da. Aurkakotasun hori agertzeko urriaren 12rako manifestazio nazionala deitu dute Bilbon.



Larunbateko mobilizaziora deitzeko eta Eskola Euskalduna aldarrikatu peskizan ekimena egin du gaur EHEk Iruñean, Iruñeako Printzearen Harresi haur eskolan. Hau zein Iruñeako beste hamar haur eskola “erdal ereduen baitan” daudela salatu dute. Hamairutik hamaika.

Ekimena “Guk Eskola Euskalduna” dinamikaren baitan kokatu dute eta ekintza honekin “ikasleak euskaldunduko dituen eta euskal curriculumaren baitan heziko dituen eskola euskalduna eraikitzearen beharra” azpimarratu nahi izan dute. Era berean, Frantzia zein Espainiako Hezkuntza Ministro diren Pellon eta Werten hezkuntza erreformak salatzeaz gain, “ikasleen euskalduntzea bermatzen ez duten eta Wertek berak begi onez ikusten dituen egungo ereduen porrota azalerazi” nahi izan dute, Eskola Euskaldunaren beharra nabarmenduz. Bi aldarrikapenak uztartuz egin dute Bilborako deialdia. Azkenik, gogorarazi dute euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskaraz bizitzeko “euskal herritar guztiok euskara ezagutzea eta bertako hizkuntzari lehentasuna emango dioten hizkuntza politika burujabeak aplikatzea” ezinbestekoa dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada