2013/10/30

[Bideoa] Virgen del Camino-ko ikasle mugimenduak jazarpen poliziala salatu du

LOMCE-ren kontrako mobilizazioetan izandako errepresio polizialarekin ikasle mugimendua ez dutela geldituko adierazi dute.





Aurreko asteko mobilizazioen harira, urriaren 23an Txantreako kaleetan egon ziren karga polizialak eta atxiloketa salatu ditu Txantreako Virgen del Camino ikastetxeko ikasle mugimenduak. Ikasleak, LOMCE legearen aurkako mobilizazioak burutu zituzten astean zehar.

Asteazkenean, bigarren eta bosgarren orduetan paroa egiteko deialdia zegoen, eta horregatik ikasleak, eserialdi baketsu bat burutu zuten Magdalena kalean, Mariana Sanz ikastetxearen ondoan. Minutu batzuen buruan, Espainiako polizia nazionala bertaratu zen ikasleak eserita zeuden tokira. "Iritsi bezain pronto, eta inolako azalpenik eman gabe, ikasleak disolbatu zituzten, bokatxa eta porrak erabilita, jarrera autoritario eta bortitz batez", salatu dute ikasleek.

Nahiz eta ikasleak disolbatzea lortu, polizia luze ibili zen haien atzetik jarraika auzoan zehar. Gainera, ihesean, ikasleen atzetik zioazenean, ikastetxera sartzeko mehatxua egin zuten, eta zentroko zuzendaritzak kanpoko ateak giltzapetu zituen, ihesean eta babes bila zeuden ikasleei zentroko sarrera debekatuz. Jarraipen haietako batean, ikasle bat atxilotu zuen poliziak.

"Eraso hauen aurrean, argi utzi nahi dugu jarrera hauek ez direla onargarriak eta ez gaituztela kikilduko. LOMCE-ren aurkako borrokan edota edozein eskubideren aldeko borrokan. Ikasleok, inolako eraso edo trabarik gabe defendatu beharko genituzke gure eskubideak. Beraz, ikasleria osoari mezu zuzena bidali nahi diogu, gure eskubideen alde altxatu eta gogotik borrokatzeko", adierazi du Txantreako ikasle mugimenduak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada