2013/10/25

[Bideoa] Ikurriña eta nafar ikurra Suhiltzaileen Parkean

LABen ekitaldia Arrantzale Bizardunen auzian inputatutakoekin elkartasunez. Sindikatu abertzaleak ikurriña eta nafar bandera bana zintzilikatu du Trinitarios-eko Suhiltzaileen Parkean, "Arrantzale Bizardunen" kasuan inputatuko bi suhiltzaileekin elkartasuna adierazteko.




LABeko bozeramaile Igor Arroyok adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean, Iñigo Balbas eta Natxo Barriuso inputatuak ondoan zituela.
Ikurriñaren kontrako jazarpena frankismo garaiko praktiken itzulera orokorrarekin lotu du Arroyok, Nafar jendartearen mobilizazioa mugatzeko asmoz UPN eta PPk bultzatutakoa. "Frankismoan nafar herritarrak elizen kanpandorretara igo behar ziren ikurriña erakutsi ahal izateko; 1975etik aurrera, ikurriña jarri ahal izan zen Iruñeko Udaletxean bertan; baina azken hamarkadan, UPN eta PPk ikurriñaren kontrako jazarpen obsesiboari berrekin diote, udal taldeen bulegoetatik kenduz, txupinazoan erakutsi nahi zutenak jipoituz, kamixetan inprimatuta eramateagatik zinegotzi bat erasotuz eta orain "Arrantzale Bizardunak" identifikatu eta zigortzearren izugarrizko baliabideak xahutuz". UPN eta PPren inposaketen aurrean, nafar herritarrek euren ikurrak erakusteko eta euren nortasuna aldarrikatzeko eskubidea dutela azpimarratu du LABek. Azkenik, bihar eguerdiko 12etan Diputaziotik abiatuko den kalejiran parte hartzeko deia egin du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada