2013/10/08

[Bideoa] #HerriHarresia Intsumisoak izandakoak Herri Harresia indartzeko deia zabaldu dute

Talde antimilitarista ezberdinetan aritutako 60 lagun inguruk gutun bateratua argitaratu dute, jarduera politikoagatik 6 urteko espetxe zigor bana jaso duten berriki espetxeratutako Xabier Sagardoi eta Luis Goñi gazte nafarren egoera salatu eta desobedientzia zibilaren balioa aldarrikatzeko.






Gutun kolektiboa: desobedientzia eta epaiketa politikoak

Behean sinatzen dugunok, intsumitu preso ohiok eta oro har intsumisioa eta antimilitarismoaren aldeko lanean ibilitako lagunok, hausnarketa hauek plazaratu nahi ditugu beren jarduera politikoagatik auzipeturik eta espetxeratzeko arriskuan dauden pertsonen egoeraren aurrean.

1. Eskubide galera orokorra. Edozein demokraziaren oinarrizko elementua giza eskubideen defentsa eta bermea izan beharko litzateke, eta zoritzarrez, atzera goaz gure inguruan eskubide kontutan. Lan munduan, osasungintzan, hezkuntzan edota zerbitzu sozialetan gero eta larriago da pertsonon egoera, krisiaren testuinguru honetan desjabetze prozesu sakona baitago martxan, goi enpresa, banku eta finantzetako elitearen onurako.

2. Disidentzia politikoaren kriminalizazioa, militarizazio tresna. Egoera honetan, disidentzia politikoa ere gero eta zigortuago dago mendebaldeko herrialdeotan, eta modu berezi batean estatu espainiarrean. Haserre eta gizarte mobilizazioak areagotzen ari diren momentu batean, estatuaren erantzunaren norabidea agerian dago, errepresioa indartu, alegia. Horretarako kode penala aldatu, polizi ezberdinen torturatzeko inpunitatea bermatu, eta oro har, terrorismoaren aurkako borrokaren betiko aitzakiarekin, hainbat pertsona eta kolektiboen protesta kriminalizatzeko joera indartu egin dute agintariek, “Dana ETA da” leloari jarraituz.

3. Gatazka armatuaren bukaera, bakea ote? Euskal Herrian, gatazka armatuaren bukaerak aukera berriak eskaintzen ditu gizarte mobilizazioa areagotzeko, eta modu orokor batean, desmilitarizazio prozesua bultzatzeko. Aldi berean, gatazkaren biktima izan diren pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta sufrimenduren sorgin gurpila geldiarazteko aukera honek itxaropena pizten du, zalantzarik gabe. Aieten esandakoaren bidetik bake eszenatoki iraunkorra lor dezagun, alde guztietatik konpromezu gehiago hartu beharra dago. Egoera berrian, alta, gatazkaren bukaera ezin da, inolaz ere, bakearekin parekatu. Pobrezia areagotzen den neurrian, finantzetako elitea guztion ondasunaz jabetzen den honetan, bortizkeria krisiaren kudeaketaren oinarrizko tresna dute agintariek, Iruñekoek, Madrilgoek zein Bruselasekoek.

4. Berrehun pertsona baino gehiago, jarduera politikoagatik espetxeratzeko arriskuan.Eskubide galera orokorrarekin, disidentziaren kriminalizazio prozesuarekin eta gatazka armatuaren bukaeraren aukerak zapuzteko saioarekin lotu behar dugu, ezinbestean, agintarien errepresio saio hau. Onartezina da, azken batean, jarduera politikoa talde ezberdinetan parte hartzeagatik, (talde politikoak, gazte taldeak, komunikabideak, presoen eskubideen defentsarako kolektiboak…) pertsona hauek epaitzeko eta espetxeratzeko agindua. Haien pentsaerarekin ados egon ala ez, gizarte osoari eragiten dio errepresio saio honek, guztion eskubide demokratikoak jokoan baitaude.

5. Desobedientzia zibila eta ekintza zuzen ez-biolentoa, eraldaketarako tresnak: intsumisioaren kanpainan oso agerian gelditu zen desobedientzia zibilaren erabilerak aukera zabalak eskaintzen dizkiola eraldaketa sozialari. Koherentzian oinarriturik, desobedientzian aritu garenok ez dugu gure ardura ezkutatu nahi izan. Aitzitik, agerian utzi nahi izan dugu gure printzipioen zuzentasuna eta zigorra aplikatu nahi izan dutenen bidegabekeria. Azken batean, errepresioaren gainetik jarri genuen desmilitarizazioaren gaineko gure apustua, eta horrek zerbitzu militarraren bukaera eragin zuen.

6. Herri harresiak indartu giza eskubideen defentsan: honengatik guztiagatik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu bere jarduera politikoagatik espetxeratzeko arriskua duten pertsona guztiei, eta bereziki oraingo honetan, Segi / Ekin taldeotan partaide izateko akusaziopean zigorturik izan diren bi gazteoi. Aldi berean, bat egiten dugu haien eskubideak defendatzeko asmoz sortzen ari diren desobedientzia zibil ez-bortitzean oinarrituko ekimenekin. Ekimen horiek, azken batean, gizarte osorako dei zabala eta beharrezkoa dugu, eskubide galera garai honetan elite politiko eta finantzetako erasoari aurre egiteko.

Iruñeko Espetxeko Intsumitu Presoen Asanblada, Nafarroako Intsumitu eta Eragozleen Senitartekoen Elkartea, Alternativa Antimilitarista – MOC, Kakitzat, Malatxa, Nafarroa Intsumitua, Grupo Antimilitarista de Sakana – Sakanako Talde Antimilitarista etab.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada