2013/09/10

Leitza: Maxurrenea Herrintzat Nafarroako Gobernuari leporatu dio parlamentua eta herritarren mandatuari entzungor egitea

Atzo Leitzan egindako kontzentrazioa.
Jorge Fernandez Díaz Barne Ministroa Leitzako Maxurrenea etxera (gaur egun Goardia Zibilaren koartela dena) egindako bisita dela eta, Maxurrenea Herrintzat plataformak salatu du Nafarroako Gobernuak "leitzarren nahia" ez duela errespetatuko beste hamar urtez luzatzen bada Espainiako Barne Ministeritzarekin duen kontratua koartela Maxurrenean mantentzeko. Barne Ministroak esan zuen Maxurrenea etxea gizarte edo kultura ekintzetarako utzitako eraikin bat dela dakiela, baina hala ere, "askoz garrantzitsuagoa iruditzen zaio Guardia Zibilaren presentzia Leitzan bermatzea".


Maxurrenea Herrintzat plataformak UPNko gobernuari leporatu dio "herritarren nahiaz gain, Nafarroako Parlamentuaren mandatuari ere entzungor" egitea, ekainean burututako batzarrean parlamentuko gehiengoak Maxurrenea etxearen jatorrizko jabearen borondatea errespetatu eta eraikina behar sozial edo kulturaletara bideratzea agindu baitzion.

Leitzarron nahia ordezkatzen duen plataforma gisa, Maxurrenea Herrintzat Ekimenak, bilera eskatu zuen Nafarroako Gobernuko arduradunarekin, parlamentuaren babesa berme gisa zuela, plataformak bildutako sinadurak aurkeztu eta herritarren eskaera zuzenean beraiei helarazteko. Oraindik Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain daudela etorri da Espainiako Barne Ministroaren adierazpena, "Leitzako herria berriro ere engainatuz eta leitzarren borondatearen gainetik, gehiegi luzatzen ari den egoera bat inposatuz, Maxurrenearen okupazioa", azpimarratu dute.

Honen aurrean, "herriaren nahiaren alde" lanean jarraituko dutela berresten dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada