2013/09/24

LABek Ikastolen Elkarteak PPren lan erreforma aplikatuko duela salatu du

Ikastolen Elkartearen aurrean egindako kontzentrazioa.
Ikastolen Elkarteak PPren erreforma berria aplikatuko die bere langileei, hori egiten duen lehenengo patronala izanda Nafarroan, LABek salatu duenez. Nafarroako Ikastoletako Langileen Batzarrak mobilizazioei ekitea erabaki du, eta ostiralero egingo dira kontzentrazioak lan hitzarmen baten alde.



LAB sindikatuak deituta, Nafarroako ikastolen lagileek atzo egin zuten batzarra, Ikastolen Elkarteak PPren lan erreforma aplikatzeko duen asmoari aurre egiteko. Bildutako 300 langile inguruk Estatu mailako itunpeko irakaskuntzako hitzarmenaren "inposaketa" arbuiatu zuten, eta Ikastolen hitzarmen propioa defendatu zuten. Gatazkaren oinarria, Nafarroako Ikastolen Elkarteak ekainean langile guztiei bidali zien gutunan dago. Gutun horretan, Ikastolen Elkarteak jakinarazi zien irailaren 1etik aurrera soldatei dagokionez estatu mailako itunpeko irakaskuntzako lan hitzarmena aplikatuko zuela, eta urtea bukatu aurretik Ikastolen hitzarmen berriaren inguruko adostasunik ezean, gainontzeko lan baldintzei dagokionez ere aipatu hitzarmena aplikatuko zuela.

LAB sindikatuaren arabera, erabaki hau guztiz "unilaterala" da, eta hori justifikatzeko Ikastolen Elkarteak argudiatzen du uztailaren 7an Ikastolen lan hitzarmena iraungitu zela. Alabaina, LAB sindikatuaren hitzetan "ez dago Ikastolen Elkartea lan hitzarmena ez aplikatzera behartzen duen inolako legerik", PPren lan erreformak ez diolako Patronalari "ezertara derrigortzen, baizik eta ahalbidetzen". Zentzu honetan, Ikastolen Elkarteak erabaki du PPren lan erreformak ematen dion ahalmen horretaz baliatzea, LABek salatu duenez. Sindikatu abertzaleak azpimarratu duenez, lan erreforma hau aplikatzen hasi denetik, bere langileei estatu mailako hitzarmena ezartzen dien Nafarroako lehenengo patronala da Ikastolen Elkartea.

Bestetik, LABek informatu duenez, Ikastolen lan hitzarmenean badago ultraaktibitatea bermatzen duen klausula: lan hitzarmen berria sinatu bitartean, indarrean jarraituko du aurrekoak. Ondorioz, Ikastolen Elkartearen erabakia "ilegalatzat" jo du LABek. Gauzak horrela, Ikastolen elkartearen erabakiak negoziazio mahaia "zapuztu" duela eta langileen eskubideen "urraketa" ekarri duela salatu du LABek, eta ondorioz sindikatuak batzarrak antolatu zituen ikastolaz ikastola. Ikastolen lan hitzarmenaren aldeko mobilizazio dinamikari ekitea erabaki zuten langileek.

Gatazkari konponbidea emateko, langileek Estatu mailako lan hitzarmena aplikatzeko erabakia bertan behera uztea exijitzen dute, eta Ikastolen lan hitzarmen berriaren inguruko negoziazioak hastea eskatzen dute. Hori bitartean, batzarrean adostu zenez, ostiralero mobilizazioak izango dira Nafarroako ikastoletan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada