2013/09/18

LAB sindikatuak kalean salatuko du Altsasuko langile baten suizidio

Sindikatu abertzaleak ziurtatu du Javier Paniaguak bere buruaz beste egin du bere egoera ekonomikoagatik. Sunsundegi enpresatik bota egin zuten pasa den apirilean. LABek salatu du diskriminazio sindikala egon zela, LABeko afiliatua zelako. Bihar eta etzi mobilizazioak izango dira, Altsasun eta Iruñean hurrenez hurren.



LAB sindikatuak atzo bere buruaz beste egin zuen Sunsundegui enpresako langile ohi baten heriotza salatu du, eta bere samina eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen familia, lagun eta lankideei.
Javier Paniaguak 45 urte zituen eta altsasuarra zen. 2010ean beste hainbat lankiderekin batera lantegitik kaleratua izan zen Paniagua, handik urtebetera berriro itzultzeko aukerarekin. Eta 2011.urtean lanera itzuli zen berriro.

Enpresan akordio bat zegoen, etorkizunean EEE gehiagorik izanez gero, urtebeterako kanpoan izandako langile haiek azkenak izan zitezen balizko espedienteen ondorioak nozitzen, langabezia prestazioaren erdia baino gehiago erabilia zutelako ordurako. Hala eta guztiz ere, akordioak jasotzen zuenaren kontrara, 2013ko apirilean, berriro kaleratu egin zuten beste 40 lagunekin batera.

Hartan LAB sindikatuak "diskriminazio sindikala" salatu zuen, nahiz eta gutxien bozkatutako sindikatua izan, kaleratutako beharginen artean %50etik gora sindikatuko kideak zirelako. Javier Paniagua ere LABeko afiliatua zen eta sindikatu honekin hauteskunde sindikaletan aurkeztu izan zen.

Gaur egun, jazoera haietatik 6 hilabetera, 50 langile berri baino gehiago hasi dira Sunsundeguin lanean, guztiak ETT bidez, LABek salatu duenez.

Mobilizazioak Altsasun eta Iruñean CEN-en aurrean
LAB sindikatuaren ustetan suizidio hau "ez da gertaera isolatua", eta salatu du lan erreforma guzti-guztiek "langileen kaleratzea erraztu dutela". Sindikatu abertzaleak esan du "etxegabetze bakoitzaren atzean lanpostua galdu duten pertsonak daude. Eta langabezia egoeran geratu orduko, berehala ikusten da murrizketen ondorioz prestazioak gero eta txikiagoak direla eta prekarietatea gero eta hedatuago dagoela gu guztion artean".

Heriotz honen aurrean patronalak eta gobernu neoliberalak salatu ditu LABek. "Ahaztu egiten dute zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, bizi proiektu bat. Kaleratzea edo kaleratze mehatxua da une honetan lan zentruetan erabiltzen ari diren mehatxu nagusiena".

Javi Paniaguaren kasua ez dela bakarra ziurtatu du LAB sindikatuak. "Patronalaren jarrera eta hark ezarritako murrizketa neurrien ondorio dira halako gertaera larriak", eta datozen orduetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Bihar osteguna manifestazio bat egingo da arratsaldeko 19.30etan Altsasun, Foruen plazatik abiatuta, “Patronala Hiltzailea” lemapean. Eta etzi ostirala, kontzentrazioa eguerdiko 12.00etan Iruñean, CENen egoitza aurrean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada