2013/09/21

[Bideoa] #HerriHarresia Giza kate jendetsua osatu dute Barañainen, Goñi eta Sagardoiren alde

Ezkutuan dauden Xabier Sagardoi eta Luis Goñi gazteei elkartasuna adierazteko, 1.500 metroko giza kate jendetsua osatu dute Barañainen. Epaiketa eta zigor politikoekin bukatzeko, herri harresia sendotu eta konpromisoak hartzeko beharra nabarmendu dute bertan.



Argazki galeria Ekinklik


Naiz.info-ren bidez
Elkarri eskua emanda, giza kate jendetsua osatu dute ehunka lagunek Barañainen, Luis Goñi eta Xabier Sagardoi herriko gazteei babesa adierazteko.

Auzitegi Goren espainolak seina urteko espetxe zigorra ezarri zien duela bi hilabete inguru eta egun horretan bertan ezkutatzeko hautua iragarri zuten.

AteakIreki webguneak atzo bertan Goñiri egindako elkarrizketa kaleratu zuen eta jasotzen ari diren babesa eskertu zuen.

Bi gazte barañaindarren alde, 1.500 metro luzeko giza katea osatu dute, herriko mugan hasi eta Udaletxe plazan bukatu dena. Helburua 1.500 lagun biltzea zen, baina aurreikuspenak txiki gelditu eta zifra hori gainditu egin dute, kolore laranja (puxikak, kamisetak, zapiak...) nagusi izan duen katean.

Eskurik esku, kate plurala osatu dute: han izan dira LABeko kideak, dantza taldeetakoak, Luis Goñiren rugby taldeko kideak, momotxorroak...

Herriko plazan burutu duten ekitaldian nabarmendu dutenez, Barañainen osatutako «olatu laranja» herri harresian jarritako harri berri bat da, Euskal Herriaren luze zabalean jarraituko duena.

Aldez aurretik Donostiako Aske Guneak, Ekaitz Samaniegok edo Ondarroako zubi harresiak eginiko ekarpenak gogoratu ondoren, Goñi eta Sagardoiren militantzia politikoa zigortu izana gogor kritikatu dute, eta mota honetako zigorrek gaur egungo testuinguruan inolako lekurik ez dutela aldarrikatu.

Egoerari ematen ari zaion erantzuna «esaguratsua» dela esan dute, baina gaineratu dute bide horretan aurrera egin beharra dagoela, «konpromisorako garaia» dela.

Injustiziaren aurrean herri harresi plural bat osatu behar dela azpimarratu ondoren, hurrengo asteotan mobilizazio eta ekimen gehiago izango direla ohartarazi dute, tartean urriaren 5ean Iruñeko kaleetan egingo duten manifestazioa.

1 comentario:

  1. Zorionak Barañain !!! Quizá el estado detendrá a luis y Xabi pero antes tendrán que pasar por encima de todo un pueblo en marcha. Y eso ya supone una victoria. Ese es el camino. Animo luis eta xabier !!!!!!!!!!!!!!!!

    ResponderEliminar