2013/09/20

Donibaneko Eguna ospatuko da larunbata honetan, auzo osora zabalduko diren ekitaldiekin

Irailaren 21an, auzokide eta auzoko eragileen inplikazioarekin txoko ezberdinak sortuko dira eta adin eta gustu guztietarako aktibitateak egingo dira.





Bihar larunbata Donibane Auzoko Egunaren bigarren edizioa ospatuko da. Auzokideendako egun erreferente bat izatea nahi dute antolatzaileek. Nola ez, besta eta aldarrikapena parez pare egonen dira, kaleak proposamenez eta kantuz betez, dantzak eta iritzi ezberdinak agerian utziz. Egun berezi bat non "Donibane bizirik dagoela aldarrikatuko duten, gazteen kezkak entzun eta babestu, euskara bultzatzeko beharra agertu", aipatu dute antolatzaileak. Auzoko komertzio txikiei babesa erakusteko ere balioko du Donibane Auzoko Egunak, "bizitzeko bertze modu batzuk daudela helarazteko eguna eta nola ez, antolatzeko, konpromezua hartzeko, irakasteko eta irakatsiak izateko egun bat ospatzeko eguna".

Urte honetan aldarrikapen nagusi baten beharra lau haizeetara zabaldu nahi dute, esparru publikoen beharra, hain zuzen ere. Ekintza kulturalak eta kirol ekintzak aurrera eramateko tokien beharra dagoela Donibanen azpimarratu dute. Gartzela zaharra zegoen tokia toki paregabea dela horretarako esan dute. "Gune hau kultura partehartzaile eta herrikoia, guztiondako erabilgarria izan daitekeen kirol elkarte berria eta auzoarendako bilgune goxo bat izateko espazioa izatea nahi dugu. Erronka handia da bai, baino denen ahalegina beharrezkoa da, Donibanerendako hobenkuntza nabarmena izanen baita".

Egitarau zabal bat osatu dute. Horretarako Donibane Peñaren, Donibaneko Gazte Asanbladaren, Donibaneko Joaldunen, San Juan Xar Fanfarrearen, Hankapaloen Taldearen, Donibaneko Kantuzen, Kalean Batu batukada Taldearen, Donibaneko Gaitarien, Bizilurren, Calabatataren, Martin Azpilikuetako Komertzianteen Elkartearen. Irrintzi Euskaltegiaren, Donibane Kirol Elkartearen eta jende anonimo pila baten parte hartzea egon da.

San Juan Xarretik egun honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada