2013/09/23

Behatokiak Jon Patxi Arratibelen tortura salaketa Estrasburgoraino eramango du

Tortura salaketa artxibatu egin zuen epaile batek "ikerketa nahikorik egin gabe", Behatokiak salatu duenez. Jon Patxi Arratibel "Xafan" 2011an atxilotu zuen Goardia Zibil eta 5 egunez gogor torturatu zutela salatu zuen.



Behatokiak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian Patxi Arratibelek sufritutako tortura kasuarengatik helegitea aurkeztu berri du. Behatokiak esan duenez, TATek ordezkatutako Arratibelen salaketa artxibatuta izan zen "horren inguruko ikerketa nahikoa aurrera eraman gabe, gertatutakoaren gaineko erantzuleak nortzuk ziren argitu gabe geldituz".

Gogoratuko denez, 2011 urteko urtarrilaren 18an Guardia Zibilak 6 pertsona atxilotu zituen Nafarroan Entzutegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazio denboraren ondoren, horietatik bost atxilotuk tortura salaketa jarri zituzten epaitegian.

Jon Patxi Arratibel "Xafan"ren testigantza bereziki ezaguna egin zen, polizi egoitzan zegoen bitartean "sinarazi" zioten deklarazioan, bere abizena idatzi beharrean “AztnugaL” jarri zuelako (“laguntza” alderantziz idatzita), "bere egoera zein zen jakinarazi nahian eta laguntza eskatuz", Behatokiak gogora ekarri duenez. "Guzti hau eta jasan zituen torturak epaileari azaldu zizkion, epaitegira eramana izan zenean inkomunikaziopean 100 ordu baino gehiago eman ondoren. Epailearen aurrera eramana izan zenean ere, inkomunikaziopean izan zen, eta hortaz, ezin izan zuen bere konfidantzazko abokatuarekin egon, polizia egoitzan izan zuen abokatu berdinarekin baizik", salatu du Behatokiak.

Gurutze Iantzi inkomunikaziopean zegoela hil zenetik hogei urte betetzen direnean, Behatokiak exijitu nahi izan du tortura salaketak ikertzearen beharra. "Hauek itxi egiten dira zer gertatu zen argitu gabe, Gurutzeren kasua bezalako kasu larrienetan ere, inpunitate kasuei bidea zabalduz".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada