2013/07/15

Zizur: Goardia Zibilak inolako baimenik gabe gaztetxean sartu eta mihatu zuela salatu dute

Gaztetxe ondoko bizilagun bat atxilotzera joan zirenean gaztetxean sartzeko aprobetxatu zuten eta lokalaren mihaketa egin zuten.


Astelehen arratsaldean Esparru Gaztetxe ondoko portaleko bizilagun bat atxilotu zuen Guardia Zibilak drogekin trafikatzea leporatuta. Gizon honek ez du gaztetxean parte hartzen eta ez da normalean bertan sartzen, baina antza, kasualitatez, astelehen arratsaldean gaztetxera sartu zen bertan zegoen gazte bat agurtzera. Barruan zegoela guardia zibil ugari agertu ziren plazan eta bere portalera joan ziren. Gizon hau gaztetxean geratu zen polizia ekiditeko baina Guardia Zibilak gaztetxean zegoela ikusi eta bertan sartu zen tipoa atxilotzeko.

Esparru Gaztetxeak atxiloketa honekin "ez duela inolako loturarik" esan eta gero, Zizurko Gazte Asanbladak "ozen salatu" nahi du Guardia Zibila atxiloketa hori baliatuta "gaztetxean sartu dela inolako erregistro agindurik gabe eta gaztetxea miatzeko aprobetxatu duela". Uztailak 8 izanik (Sanferminak eta German Rodrigez-en erailketaren urtemuga) gaztetxean 3 gazte zeuden bakarrik momentu horretan, eta poliziek armak eskutan zituztela gaztetxeko gela ezberdinak gainetik miatu eta hainbat argazki atera zituztela esan du Gazte Asanbladak.

"Gaztetxetik kutxa bat eraman zuteneko susmoa zabaldu da ere. Atzo arratsaldean gaztetxea gainetik begiratu genuen eta momentuz faltan ezer ez botatzen dugun arren ezin dugu konfirmatu zerbait eraman duten edo ez. Datozen egunotan gaztetxea ongi begiratuko dugu jakiteko zerbait eraman edota utzi diguten", azaldu dute.

Autogestio Proiektuan adostu zuten moduan eta hainbat alditan berretsi duten moduan, "trapitxeoak gaztetxean tokirik ez duela" azpimarratu nahi du Gazte Asanbladak, "hala eztabaidatu eta adostu baitugu hainbat topaketetan".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada