2013/07/19

Iritzia: Eraso sexistak Sanferminetan

Gora Iruñea! eta Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeon Plataformak

Urte bat gehiago, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeon plataforma eta Gora Iruñea plataforma, Sanferminetan emakumeon aurka ematen den indarkeria sexistaren balorazio bat egiteko beharrean gaude.



Enrique Maya Iruñeko alkateak, eraso sexistei buruz egin dituen adierazpenak erabat arduragabeak eta lotsagarriak iruditzen zaizkigu. Udalaren eta jaietan gozatzen ari den pertsona guztien arduradun nagusia izanda, bere adierazpenak, emakumeekiko begirune falta galanta dira eta argi eta garbi agerian uzten dute UPNren politikaren zentzu matxista eta atzerakoia.

Txupinazotik hartutako irudiek eragin duten polemikari buruz, eraso sexistak ez direla eta hiriaren irudia mintzen dutela soilik esan du. Alkate jauna, nola deituko zenioke orduan, bere onespenik eman gabe, emakume bati arropa erauzteari, bere bularrak ukitzeari eta alde batetik bestera astintzeari? Guk argi daukagu eraso sexista bat dela eta udal plazara txupinazoa ospatzera doan edozein emakume arrisku horren aurrean gelditzen dela. Ez gaitzaten iruzurtu, kanpotarrei bakarrik ez baitzaie gertatzen; ongi baitakigu hemengo emakume asko plazatik erasotuak atera direla eta gainera, zer gertatu den ongi jakin gabe.

Maya jauna, emakume bati zirriak egiten agertzen den argazkia, Sanferminetako benetako irudia da; arazoa argazki horrekin bat datorren titularra da. Orain arte irudi hori urtero ikusi dugu, baina alaitasuna, festa eta erokeriarekin lotuta dagoen titularrarekin. Pozten gara, aurten hemengo eta estatuko komunikabideek, argazki hori Sanfermin sexistak salatzen dituen titularrarekin etortzea. Alkateak argazki horiek ez argitaratzea eskatu du. Guretzat arduragabekeria hutsa da, honekin lortzen den gauza bakarra emakumeok jaietan bizi dugun errealitatea izkutatzea da. Egoera eta irudi hauek berriz errepika ez daitezen egin beharko lukeen gauza bakarra berari dagokion lana egitea litzateke, horretarako eskura dituen baliabide guztiak erabiliz.

Emakume batek kamiseta kentzerakoan, probokatzen ari dela eta bere ekintzak onartu behar dituela, egun hauetan entzun den justifikazioa da. Baina gizonek ez al dute egiten? Egunero emakume askok, gizon ugari ikusten ditugu kalean pixa egiten, bere genitalak erakusten eta ez zaigu burutik pasatzen hara joatea hauek ukitzera. Emakume batek kamiseta kentzea, ez da justifikazioa berarengana joateko eta bere bularrak ukitzeko berak bere onespena ematen ez badu. Emakume guztiok gure gorputzaren jabe gara eta nahi dugun guztia egin dezakegu berarekin. Beste esparru batzuetan, hala nola hondartza batean topless egitean, inori ez zaio bururatzen harengana joatea eta titiak ukitzea, orduan zergatik Sanferminetan erabat normalizatua dagoen gauza da? Zergatik? “Legerik gabeko hiria” eta bederatzi egunetan zehar “dena balio duen” irudia saltzearen ondorioaren eredu garbia da.

Aurten, berriz ere, ez ditugu Sanferminetan izandako eraso sexisten salaketen datu errealak jaso. Guk jaso ditugun salaketak, ez datoz bat udaletxeak igorritako datuekin. Alkateak egindako adierazpenetan, eraso sexisteei garrantzia kentzen dio eta jaietatik bereiztu egin nahi ditu, etxeko eremuan gertatu direla esanez. Izaten diren erasoak gertatzen diren momentuan eta zein lekutan izan diren jakitea oso garrantzitsua da. Horrela instituzio eta jendartearen aldetik erantzun artikulatu egokia lortuko da, gure hirian inolako jarrera sexistarik onartzen ez dugula erakutsiz.

Honengatik guztiagatik, eraso sexista baten aurrean hartu beharreko prebentzio eta esku-hartze neurriak garatzea Iruñeko udalaren ardura zuzena dela uste dugu. Publikoki eskatu genion udalari ustelkeria honi aurre egiteko. Hamaika neurriz osatutako protokoloa aurkeztu eta proposatu genuen instituzioek dituzten baliabideekin aurrera eramateko. Gure proposamena ez zuten aintzat hartu eta orain arazoa ezkutatzen saiatzen dira beste leku batera begiratuz.

Egun udalak duen protokoloa, eraso sexisten alderdi bat soilik hartzen du kontuan, hots, eraso sexuala egin denean eta salaketa behin jarrita erabilgarria delako. Oso positiboa da protokolo hori izatea, baina askotan pausu guztiak ez dira ematen edo ez dira nahikoak izaten, eraso gehienetan salaketarik ez delako jartzen. Honengatik, Iruñeko udalari eskua luzatzen diogu, datorren urteko Sanferminei begira, mugimendu feminista eta herrikoiarekin batera elkarrekin lan egiteko. Baita ere, Sanferminetan izan diren eraso sexista guztiak publikoki salatzea exijitzen diogu udalari eta bere esku dauden eta beharrezkoak diren neurri eta baliabide guztiak martxan jartzea emakumearen aurkako indarkeriarekin behingoz bukatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada