2013/07/12

Ernaik gazte aldarrikapenak Iruñeko kaleetara eramango ditu larunbata honetan

Bihar uztailaren 13an arratsaldeko 19.00tan Karmen kaletik abiatuko da manifestaldi bat.

Urteetan zehar "emandako borroken fruituak" jasotzen ari direla aurtengo Sanferminetan adierazi du Ernaik. "UPN-k ezkutuan mantendu nahi zuen bestelako Iruñea eta Sanferminak aurten muturrean eztanda egin diote. "11 urte eta gero, berriz ere, Jai Gune herrikoia egotearen lorpena, urteetako borrokaren emaitza eta egun batetik bestera guztion partehartzearekin errealitate bihurtu duguna. Eta bestetik, txupinazoan ikurriña erraldoiaren ekimenak izandako arrakasta ere goraipatzekoa da.
" Bi ekimen hauek, bestelako Iruñea bat badela "argi erakusten" duela esaten du Ernaik, "UPN-k urteetan zehar zapaldua mantendu duena eta pixkanaka, bere ustelkeri propioa eta herritarron lanagatik, iraultzen ari den Iruñea". Ibilbide honetan gazteak egin duten lan guztia txalotu dute. "Gure borroketan etsi gabe, kalean kontzertuak eginez, bazkariak, eragile ezberdinetako txandak betetzen eta gure ikurren defentsan Udaletxe plazara sartutako gazte guztiak, gazte indarra inoiz baino biziago dagoela erakutsi dugu", azpimarratu dute.

Gaur egun gazteen egoera "inoiz baino makurragoa" dela gogoratu du Ernaik. "Hezkuntza pribatizatzeko bidean, kontratu zaborrek esklabutzarekin geroz eta antza handiagoa dute, gurasoen etxetik alde egitea ezinezko ametsa bihurtu zaigu. Honek guztiak, gure bizimodu propioa aukeratzea baino, dagoenaren aurrean bizirautea lortzera eramaten gaitu. Baina guk horrekin ez dugu aski".

"Ematen diguten apurrekin bizirautea baino, guk gure biziaren jabe izan nahi dugu. Bakoitzak bere bizitzeko eredu propioa sortzearekin batera, guztioi bizi duina eskainiko digun eredua sortu nahi dugu. Elkartasun eta kolektibotasuna oinarri, burujabe bizitzeko nahi hori da egunerokoan borrokarako grina ematen diguna. Krisiari partxeak bilatu baino, sistema bera irauli eta bestelako eredua borrokatzeko grina pizten diguna, bizitzeko nahia baita".

Aldarrikapen hauek guztiak Iruñeko kaleetara zabaltzeko asmoz, bihar uztailaren 13an arratsaldeko 19.00tan Karmen kaletik abiatuko da manifestaldi bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada