2013/06/04

Leitza: Ekainak 8 manifestazioa eginen dute Maxurrenea herriarentzat izan behar dela aldarrikatzeko

Datorren larunbatean, eguerdiko 12etan plazatik abiatuko da manifestazioa.

Datorren larunbatean, ekainak 8, leitzarrak kalera aterako dira beste behin, Nafar Gobernuari leitzarrekin duen zorra gogorarazteko. Manifestazioan Maxurrenea leitzarrena dela aldarrikatuko dute, leitzarren borondatea errespetatzeko eskatuko diote Nafar Gobernuari eta beraz Espainiar Gobernuarekin duen kontratua bertan behera uzteko esan.


Eztabaida parlamentuan ekaina erdialdera
Nafar Parlamentuak ekaina erdialdera Maxurrenea Herrintzat herri plataformak eta Leitzeko Udalak egindako eskaera aztertu eta bozkatuko du. Iruñean egindako harreman erronda eta lan-saioaren ondoren, plataformako kideek uste dute, Maxurrenea etxea herriari itzuli eta bertan koartela ez den beste jarduera batzuk kokatzeko eskaera aurrera ateratzeko arazorik ez dela egongo.

Manifestazioa Nafar Gobernuak herri borondatea zein den ikusteko
Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaie leitzarren aldarrikapen hau beste behin kalera ateratzea Nafar Gobernuari herri honen borondatea zein den adierazteko.

Babes handia jaso du plataformak hilabete hauetan, bai antolatutako ekintzetan zein eragileekin izandako harremanetan. Horregatik uste dute momentua dela Leitzako herritar eta eragileak aldarrikapenaren protagonismoa hartzekoa.

Horregatik ekainaren 8an antolatutako manifestazioan partehartzera gonbidatzen dute leitzar guztiak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada