2013/06/08

[Bideoa] Leitza: 300 lagunek Maxurrenea herriarentzat exijitu dute

Goardia Zibilak gaur egun okupatzen duen etxea herriarena dela aldarrikatu dute. Datorren ekainaren 27an Nafarroako parlamentuan aztertuko da leitzarren eskaera.



Urte hasieran Leitzan aldarrikapen historiko bat berrerartzea erabaki zuten: Maxurrenea, gaur egun Goardia Zibilak okupatzen duen etxea, berreskuratzea. Ate guztiak jotzen hasi ziren, herritarrenak eta instituzioetakoak.

Parlamenturaino joan ziren talde politiko desberdinen babesa jaso asmoz eta lortu zuten. PPNk bakarrik jarri zuen zalantzan Maxurrenea etxea leitzarrei itzuli behar zitzaiola. Gehiengo batek zilegi eta arrazoizko ikusten du letzarren aldarrikapena.

Datorren ekainaren 27an, leitzarrek parlamentuari egindako eskaera aztertuko dute eta babes berbera jasotzea espero dute.

Hala ere, gogoratu nahi dute Maxurrenea leitzarrei itzultzeko erabakiaren ardura Nafar Gobernuarena dela. "Bere esku dago etxea leitzarren zerbitzura jartzeko edo koartel gisa mantentzeko erabakia. Ez genuke ulertuko horrelako herri babes eta babes politikoa duen aldarrikapen baten aurkako erabaki bat. Baina jakin badakigu, lehengo aldia ez delako, Nafar Gobernuak herritarren interesen gainetik interes politikoak jartzen dituela", adierazi dute plataformatik.

Horregatik uste dute orain inoiz baino gehiago Nafar Gobernua zuzenean interpelatu behar dutela. "Ez dute aitzakiarik gurea, leitzarrena den etxea, Espainiar Gobernuari alokatzen jarraitu eta herriari ez itzultzeko". Horregatik lanean jarraituko dute, sinaduren kanpaina indartuko dute ondoren Nafar Gobernuari bidaltzeko.

Bestalde, ekimen berriak abiaraziko dituzte herritar eta eragileen inplikazioa bilatu eta plataforma indartu asmoz, Maxurrenea herriari itzultzea lortu arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada