2013/06/26

Herrirak ostiralean salatuko ditu Nafarroako Parlamentuaren aurrean giza eskubideen urraketak

Herrira mugimenduak deituta, ostiral honetan kontzentrazio bat egingo da goizeko 11:30etatik aurrera, Nafarroako Parlamentuan, "hautetsiei entzunarazteko preso politikoek jasaten dituzten giza eskubideen urraketen berri".



Ikasturte honetan, UPNk, PPk eta PSNk betoa jarri dute behin baino gehiagotan, Herrira mugimenduak Parlamentuan agerraldia egitea galarazteko, baita eragotzi ere nafar presoen giza eskubideak errespetatzearen aldeko mozioak onartzea. Hori dela eta, ikasturte politikoa amaitzeko, Herrira mugimenduak erabaki du "parlamentariei ozen entzunaraztea" kartzeletan bizi den "egoera ankerraren" berri.

Herrira mugimenduarentzat "oso larria da" ikustea gobernuek presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak "zapaltzen" segitzen dutela. "Izan ere, sakabanaketak, bizi osorako zigorrak edo gaixorik dauden presoen egoerak berez sortzen duten sufrimenduaz gainera, hildako gehiago eragin ditzake noiznahi", salatu dute.

Gaur egun, 81 preso nafar daude sakabanaturik. Horietatik bederatzik libre egon beharko lukete, zigorra bete dutelako, eta bostek eritasun larriren bat dute. "Bitartean, preso horien ehunka, milaka familiarteko eta lagun zorigaitzaren jolas ankerrean sartzen dira astebururo", gogoratu du Herrirak.

"Gure ustez, erakunde publikoak gehiago inplikatu beharko lirateke giza eskubideen urraketa larri horiek lehenbailehen geldiarazteko, sufrimenduari bukaera emateko eta heriotza gehiago izan ez dadin. Nafarroako gehiengo sozialak enfrentamenduan eta mendekuan oinarritutako jarrerak gainditu nahi ditu, salbuespen neurriak bukatzea eta beste espetxe politika bat eskatzen du. Parlamentu honek iritzi horrekin bat egin beharko luke", Herriraren ustez.

Euskal preso politikoen eskubideen alde egiten duen mugimenduaren esanetan, Parlamentu honen ekinbideak ez du "herritarren gogoa islatzen".

Horregatik, Nafarroako aldaketa prozesuaren barrenean, giza eskubideak, konponbidea eta bakearean aldeko apostua egiteko ordua iritsi dela uste du Herrirak. Hortaz, alderdi, sindikatu eta gizarte eragile guztiak animatzen ditu "ahaleginak batzen" segitzera, euskal preso politikoei ezartzen zaizkien "salbuespen neurriak" lehenbailehen deusezteko xedearekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada