2013/06/06

Etxeratek Ventura Tomé preso nafarraren egoeraren okertzea salatu du

Tratamendu egokia jasotzeko Euskal Herriratzea exijitu du Etxeratek. Tafallako presoa minbiziz jota dago.

Kristina Tomé Venturaren arrebaren testigantza Info7 irratian

Azken egunetan, Ventura Tomé, gaixotasun larria duen presoaren egoeraren okertzearen berri izan du Etxerat elkarteak. Tafallarrari aurtengo urtarrilean prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta egun gaixotasun honen tratamenduarako erradioterapia jasotzen ari da pasa den maiatzaren 22tik. Baina, senideek jakin ahal izan dute erradioterapia saio hauek esku burdinak jarrita eta oso baldintza txarretan jasotzen ari dela. Beti ere poliziak konsulta barruan daudelarik gainera.



Era berean, espetxetik ospitalerako lekualdatzea zein baldintzatan egiten den salatu nahi du Etxeratek; izan ere, guardia zibilaren jarrera "benetan salagarria" dela esan dute, "izugarrizko tentsio uneak sortzen dituztelarik".

Egoera hau "onartezina eta jasanezina" dela dio Etxeratek, eta "argi eta garbi" erakusten du ez dela tratamendua baldintza egokietan jasotzen ari, eta ondorioz tratamendu honek ez duela izan beharko lukeen emaitza bermatzen. "Beste edozein pertsonak bezala tratu egoki bat izateko eskubidea exijitu nahi dugu; ezarri zaion tratamendua baldintza egokietan jasotzeko eskubidea bermatu behar zaio, tratamenduak behar duen efektuak izateko", aldarrikatu du Etxeratek.

Etxeratek tratamendua jasotzeko ezinbestekotzat jo du Ventura Tomé Euskal Herriratzea. "Honela, sakabanaketarekin eta urrunketarekin gertatzen ez den bezala, bere osasun egoera hobetzeko asistentzia eta babesa bermatzeko gutxieneko baldintzak egokiagoak lirateke".

Espetxe politika honen desaktibazioak berehalako izan behar duela exijitu du Etxeratek, "giza eskubideak errespetatuak izaten has daitezen, baina, gainera, gaixo larrien kasuan larritasun hori are garrantzitsuagoa da; berehalakoa izan behar du. Onartezina eta justifika ezinak dira jasotzen duten tratua eta ezartzen dizkieten baldintzak. Beraien osasun eskubidea ez dago bermatua. Horregatik, euskal gizarteari egoera honen kontzientzia hartzeko deia egin nahi diogu, eta espetxe arduradunei egoera honekin berehala amaitzeko exijitu nahi diegu".

1 comentario:

  1. Ventura askatu ! No podemos permitir que le suceda lo mismo que a Anjel Figueroa o a Xabier Peña. MOVILIZACIÓN SOCIAL.

    ResponderEliminar