2013/06/25

Adierazpen Askatasuna: BurlataHerria.org webgunearen itxiera salatzeko, manifestazioa egingo da uztailak 5

Uztailaren 5an, Burlatatik Iruñera abiatuko dute martxa batean Iruñea Askatasunez deituriko manifestazioan parte hartzeko.



Entzutegi Nazionalaren aginduz, Burlataherria.org herri komunikabidearen kolaboratzaile batek epailearen aurrean bitan deklaratu ostean Entzutegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak, fiskaltzak hala eskatuta, Burlataherria.org web gunearen “behin behineko itxiera” agindu du, “terrorismoaren gorazarrea” egotzita.

"Burlataherria.org herri komununikazio tresna da, batez ere, Burlatako ekimen, jardun eta gertaerak biltzen dituen komunikabidea, zeinean era askotako herri ekimenen berri ematen den (kulturalak, udalekoak, aldarrikatzaileak, ingurugirokoak, sozialak…). Hortaz, egindako itxiera, euren jarduna zabaltzeko helburuarekin tresna hau erabili duten herri erakunde guztien kontrako erasotzat hartu behar dugu", adierazi dute BurlataHerria Askatasunez ekimenako kidek.

Burlataherria.org Entzutegi Nazionaleko Fiskaltzaren jomugan zegoen, herrian izandako hainbat ekitaldien berri bertan eman izanagatik: manifestazio legalak, prentsaurreko publikoak edo herriko hainbat bizilagunek espetxetik irtendakoan jasotako ongi etorriak. "Guztiz neurrigabezkoa eta gehiegizkoa da, etikarik gabekoa eta bidegabekoa, geure proiektu komunikatiboak jasandako zentsura erasoa", salatu dute Burlatakoek.

Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa ezezik, iritzi eskubidearen eta informazio librearen aurkako erasoa ere badela adierazi dute. "Baita euskal errepresaliatu politikoenganako elkartasuna kriminalizatzeko saiakera berria ere, hauen egoera latza ezkutatuz, gatazka blokeatu eta luzatu nahian", gehitu dute.

Hortaz, “Iruñea Askatasunez” egindako deialdiarekin bat eginez, uztailaren 5ean, arratsaldeko 6etan Askas plazatik, “Burlataherria Askatasunez” lemapean, zutabe bat irtengo da Iruñearuntz, bertan egingo den manifestazioan parte hartzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada