2013/05/07

"Euskararen aurkako erasoak biderkatuz doazen honetan, guk ozen erran nahi dugu euskaldunak garela"

Larunbata honetan Iruñeako Euskal Jaia ospatuko da. Itziar Gartzes da antolatzailetako bat, eta ekimen honen nondik norakoak eman dizkigu elkarrizketa honetan.



1. Zer dela eta Iruñean Euskal Jai bat ospatzea? Nondik dator ekimen hau egitearen ideia?
Euskal Jaia Aldapako San Fermin besten baitan ospatu izan dugu urte luzez, baina iaz ohartu ginen Iruñeak berezko euskal jai bat behar zuela, egun bat merezi zuela. Iruñeak, eta, berarekin batera, inguru osoak: Iruñerriak. Horrela jaio zen Iruñerriko Euskal Jaia.
Konturatu ginen eskari handia zegoela euskaltzaleon artean horrelako zerbait antolatzeko, non eta Euskal Herriko hiriburuan. Izan ere, lagun askok eskertzen ziguten aurrerapausoa (“bazen garaia” eta horrelakoak ere entzun genituen). Argi dago Iruñerrian euskal kulturak indar handia duela: dantza taldeak, joaldunak, bertsolariak, txalapartariak, euskara irakasleak eta euskaldunberriak, erraldoien konpartsak, gaitariak, trikitilariak... Jende asko mugitzen da euskal kulturaren inguruan. Eta gu ziur gaude eskualdea prest dagoela Euskal Herri osoari euskal jai mundial bat eskaintzeko!

2. Zeintzuk dira jai honen helburuak?
Bi helburu nagusi ditu Euskal Jaiak. Alde batetik, gure eskualdean euskal kulturaren alde lan egiten duten talde eta pertsonen arteko topagunea izatea. Eta, bertze aldetik, gure kultura eta nortasuna aldarrikatzeko aukera alaia eta koloretsua sortzea.

3. Euskal kultura eta euskara jai giroan bultzatzea izan daiteke jai honen beste helburuetako bat?
Berez, horiek dira gure helburu nagusiak. Iruñean giro euskaldunaren bila ibili behar dugu askotan eta gure kulturaz elkarrekin gozatzeko aukera polita da Euskal Jaia. Lagunak egin, musikaz gozatu, dantzatu, kantatu, ligatu, euskaraz ongi pasatzeko egun paregabea!
Euskararen aurkako erasoak biderkatuz doazen honetan, euskal kultura zokoratzen saiatzen diren honetan, guk ozen erran nahi dugu euskaldunak garela, eta ezinen dutela gure nortasuna ezabatu. Horren aurrean gu ez gara kikildu, ez gara gorde, ez gara izkutatu. Ez gara bigarren mailako herritarrak, eskubidea dugu egunero-egunero euskaraz bizitzeko, ohatzetik jeikitzen garenetik lotara joaten garen arte. Ez dugu Iruñerria grisa nahi, guk koloretako betaurrekoekin ikusten baitugu mundua. Gure kulturaren eta euskararen koloreak presente daude eskualdean milaka euskaltzalek egindako lanari esker. Eta hori Euskal Jaian islatuko da zalantzarik gabe.

4. Zuen ustetan, zein da udaletxeak euskara eta euskal kulturari ematen dien tratamendua? Zertan hobetu beharko litzateke?
Erabat zokoratuta ditu biak. Jakina da murrizketak gero eta bortitzagoak direla, baina hauen aurretik ere Udalak euskal kultura bazterrean utzi izan du. Euskararen inguruan gauza bera. Kontuan izanda euskara Iruñeko hizkuntza dela, arrotza balitz bezala tratatzen dute. Olentzero debekatu egin den hirian, euskal hedabideak zentsuratzen diren lurraldean, Sanferminetan kaletik landa ikusi nahi gaituzten agintariak ditugun hirian, seinale eta kartelak erderaz soilik mintzo diren kaleetan, hezkuntzan ingelesaren bidez bertako hizkuntza baztertzen duen herrian bizi gara. Nafarroa eta Iruñeko agintariek ez gaituzte nahi, eta gure aurka oldartzen da egunero. Horregatik ez diote Euskalerria irratiari lizentziarik eman nahi, horregatik Gora Iruñea plataformari ez diote gune bat utzi nahi, horregatik zentsuratzen dute Euskal Telebista, horregatik ez dute euskararen ordenantza bete nahi, horregatik biderkatu egin dira ingelesezko eredua eskaintzen duten heziketa zentroak urte gutxitan. Argi dago hemen euskal kulturari eraso egiten diotela. Horregatik Udalak ematen ez dion bultzada herritarrok eman beharko diogula uste dugu.

5. Herri mugimendutik sortutako ekimena izanik, herri mugimenduak protagonismo handia izango du euskal kultura eta euskararen defentsan, ezta?
Zorionez, herri mugimenduak euskara eta euskal kultura babestu izan ditu. Bi hauen inguruan jende anitz biltzen da, elkarte ezberdinetan eta arlo ezberdinetan aritzen direnak. Euskal jaia hauen guztien topaleku ere bada. Kulturaren inguruan dabiltzan talde ugari arituko dira egun osoan zehar Euskal Jaian. Auzolanez antolatutako jaia dugu, herritik sortua eta herriarentzat izanen dena.

6. Zer nolako egitaraua prestatu duzue?
Aurten landutako egitaraua iazkoa baino aberatsagoa da, eta adin guztietako jendeari zuzendutako ekintzak antolatu ditugu, goizetik gaueko ordu txikiak arte hainbat jarduera izanen ditugu: herri gosariak, txikientzako txokolatada, kalejira koloretsuak, herri bazkaria, herri kirolak, dantzaldia, kontzertua... Beraz euskaltzale guztiok bertaratu eta parte hartzera gonbidaturik daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada