2013/05/13

Bildu Iruñeak margoketa faxistak berehala ezabatzeko exijitu du


Larunbata eta igandea bitartean hainbat margoketa faxista agertu dira Gurutze Plazako Ikastetxearen inguruan. Zehazki, esbastikak, bandera espainolak, sinbolo frankistak eta “arriba España” eta “stop latinos” bezalako leloak sprayarekin idatzita agertu dira.


Ondorioz, Bildu Iruñea udal taldeak Presidentzia Batzordean margoketen inguruan galdetu eta horiek berehala ezabatzeko exijitu dugu. Bilduren galderaren aurrean, udaletxeko arduradunek adierazi dute ez dutela salaketarik jaso eta ez zutela gertaera hauen berririk. Margoketak ohikoan egiten duten modu berean ezabatuko dituztela gehitu dute.

Gure iritziz, gertaera hauen aurrean Udalak ezin du beste alde batera begiratu, eta sinbolo eta lelo xenofobo zein faxista hauek berehala ezabatu behar ditu. Harritzekoa egiten zaigu udalak gertaera hauen berririk ez izatea, are gehiago ikastetxe publiko batean gertatu direla jakinda. Edozein kasutan, garbiketa zerbitzuek berehala esku hartzea beharrezkoa ikusten dugu.

Ezin dugu ahaztu 36ko golpe frankistaz geroztik egunka iruindar erailak eta beste ehunka senide eta lagun umiliatu eta torturatuak izan zirela bere ideologia errepublikar eta antifaxistarengatik. 80 urte beranduago, sufrimendu honen aitorpen eta erreparazioa egiteke izateaz batera, altxamendu faxista horren goraipatzen duten jarduerak daude oraindik.

Iruñeak eta Nafarroa osoak memoria historikoa berreskuratu behar ditu, bai eta elkarbizitzarako eta pertsona ororen eskubide guztien errespeturako zimenduak eraiki behar ditu. Eta lehenengo neurririk urgenteena hauek bezalako margoketak ezabatzea da. Udalak ezin du ez ikusiarena egin, urgentziaz neurriak hartu behar ditu.

[Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen]

1 comentario:

  1. Esto es completamente inaceptable. Habría que hacer una contrapintada en la sede de UPN pidiendo que devuelvan lo que han robado.

    ResponderEliminar