2013/04/26

Leitza: Nafar parlamentuko talde gehienek arrazoizkoa ikusten dute Maxurrenea herriak erabiltzeko bideratzea

Lehendakaritza, Justizia eta Barne-saileko batzordean egon dira Maxurrenearen inguruan leitzarrek dituzten aldarrikapenak azaldu eta, parlamentuko plenoan aztertuko den mozioari babesa emateko eskatzeko.


Informazio geihago hemen.
Heleni Zabaletak azaldu duen moduan aldarrikapena ez da gaurkoa. 1998an mojek eraikina utzi zutenetik herriak zein udalak behin baino gehiagotan eskatu du Maxurrenea eraikina herriaren beharretarako erabiltzea. 2002 urtean azkenik Espainiako Ministerioari alokatzea erabaki zuen Nafar Gobernuak, bertan guardia-zibilen koartela kokatzeko.

Ondoren Iñaki Zabaletak hartu du hitza donazioaren baldintzak gogorarazteko. Ongintza-Heziketa jarduerak burutzeko baldintzarekin onartu zuen Nafar Gobernuak Maxurrenea etxea hartzea, beraz ez da donazioaren helburuekin betetzen. Eta Espainiako Gobernuaren alokairu kontratuarekin lortzen den dirua ere ez da mutilen albergea bezala ezagutzen zen eraikina eraberritzeko erabili. Donantearen borondatea errespetatze eskatu du, eta zesioaren helburuak betetzen ez badira, Maxurrenea leitzarren esku uzteko.

Balorazio positiboa.
Lan jardunetik pozik atera dira inork ez duelako Maxurrenea Herrintzat eta leitzarren eskaera zalantzan jarri. Are gehiago, kontratuaren helburua betetzen ez denez, leitzarren eskaera arrazoizkotzat eman dute talde-parlamentarioen gehiengoak eta uste dute Leitzak dituen beharrak asetzeko erabili beharko litzatekeela.

Talde gehienek uste dute Maxurrenea herri erabilerara bideratu behar dela.
Bittor Rubio (BILDU): "Maxurrenearen egoera leheneratu beharra dago. Arrazoi historiko, kultural zein normalizazio politikoagatik, mozioa babestuko dugu behingoagatik Leitzari Leitzarena dena eman diezaioten."

Geronimo Gonzalez (UPN): "Behin dokumentazioa irakurrita kontratuaren helburua ez dela bete ikusten da. Nafar Gobernuari honen berri emango diogu. Kuartelarentzat beste kokapen bat bilatu beharko da."

Mª Victoria Arraiza (PSN): "Une bateko beharrari irtenbidea emateko egoerak behin-betikoa izaten amaitzen du askotan eta honek jendartea hasarretzen du gehienetan. Leitzaren kultur-azpiegitura beharrei irtenbidea eman behar zaio. Zuen eskaera logikoa da. Bi aldeak asebeteko dituen irtenbidea bilatu beharko da".

Asun Fdez de Garaialde (Nabai): "Bere garaian udalaren eta herritarren eskaera haintzat hartu gabe, guardia zibilaren koartela Maxurrenean kokatzea erabaki zen. Plataformak Leitzako herria ordezkatzen du. Eskaera zein mozioa onartuko ditugu. Bada garaia zer nolako polizia behar dugun eztabaidatzeko eta agian, Leitzak ez du beharko Guardia Zibilen koartela".

Eloy Villanueva (PPN): Ados nago Leitzak kultur-azpiegitura faltari irtenbidea eman behar diola, baina azken finean, kontratuaren izaera dela eta Guardia Zibilaren esku jarraitzearen aldeko naiz, herrian bere lana egiten dute eta.

Txema Mauleón(Izquierda-Ezkerra): "Ez dira kontratuaren helburuak bete eta argi dago Leitzan behar desberdinak betetzeko espazioa dela. Aldarrikapen logikoa da eta guk mozioa babestuko dugu".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada