2013/04/26

[Iritzia] Sortu Iruñeak iruindarrok hiri honetako protagonismoa berreskuratzeko beharra nabarmendu du

Gauzak aldatzen ari dira Iruñea zaharrean, eta aldatzen jarraituko dute. Ziur gaude Iruñea zaharrak XXI. mendeko Iruñeari bide eginen diola; UPNren eredu zaharkitua gaindituko duen Iruñea, ezberdinen arteko elkarlana, auzoen beharrak eta hiritarren protagonismoa oinarri hartuko dituena. Sortu horretarako prest gago eta ziur gaude hala izanen dela.


UPNren politika eredua erabat agortuta dago. 14 urte dira UPNko eskuindar ustel eta poltroneroek alkatetza eskuratu zutenetik, Barcina eta inputatuta dagoen Maya buru zirela. Hiritarren aurkako politika eta hiri ezaren eredua bultzatzen duen estrategia atzerakoia pairatu dugu 14 urte luzez. Eta hiritarrak dagoeneko ez daude prest horrelako kasta politikoa aguantatzeko, Iruñeak ez du Enrique Maya bezalako alkatea merezi.

Baina kontua ez da Maya kentzea Elizalde edo UPNko beste gizaseme bat jartzeko. UPNren politika eredua da agortuta dagoena. Iruñeko kale eta ahotsek ez dute zalantza izpirik uzten: bestelako eredu soziala eta hiri eredua behar dugu. Aldaketa sakonekoa izan behar du. Eta ezinbestean, hiri guztia kontuan izan beharko du, sektore ezberdinetako hiritarrak eta eragileak aintzat hartuz. Arduratsuak izateko garaia da, interes alderdikoiak alde batera utzi eta hiritarren interesetan pentsatzeko garaia. Sasi-irtenbideek ez dute tokirik, Iruñeak sakoneko aldaketa behar du, forma eta edukietan.

Hiri eza horretatik hiri integratzaile eta elkarbizitza eremurako aldaketa, Iruñea zaharretik berrirako aldaketa hori, bakar-bakarrik mugimendu auzotar eta sozialen eskutik eman daiteke. Zera nabarmendu nahi dugu: urte hauetan guztietan eta oztopo guztien gainetik, hiri honetan alternatiba eta ekimenak eraikitzen jarraitu dira zenbatezinak diren hiritarren konpromiso, ekarpen eta lanari esker. Hainbat eta hainbat dinamika parte hartzaile eta sozialak martxan jarri dituzten mugimendu hiritarrak. Horixe da bidea, hain zuzen ere. Eta norabide horretan sakontzeko elkarlanerako espazio berriak beharrezkoak dira, aliantzak egin, agendak zein proiektuak partekatzeko eremuak. Hala, hiri eredu berri bat eraikitzeko Iruñea hiritarra indartuko baitugu.

Hiri eredu berri hori eraikitzeko bidean alternatiba eraldatzaile bat beharrezkoa izango da. Eta horretarako eraldaketa sozial, kultural eta politikorako faktoreak txertatu beharko dizkiogu: murrizketa eta pribatizazioen gainetik norbanakoon zein eskubide kolektiboak jarri; indibidualismoaren aurrean kolektibitatea eta komunitatea indartu; klientelismoa gaindituz parte hartze aktiboa eta elkarlana bultzatu; askatasun demokratikoak kontrol polizialari eta errepresioari gainjarri.

Iruñea Argitzen deitutako urte luzeko eztabaida eta gero, Sortuk Iruñean duen lehentasuna benetako alternatiba hiritar bat eraikitzea da, eta horretarako gure eskuetan dauden esfortzu guztiak eginen ditugu edukietan oinarritutako akordio zabalak erdiesteko. Eta benetako alternatiba hiritar horren eraikuntzan guztiak gara beharrezkoak. Ziur gaude batzen gaituena ezberdintzen gaituena baino askoz ere handiagoa dela.

Ordua da iruindarrok historikoki hiri honetan izan dugun eta lapurtu nahi izan diguten protagonismoa berreskuratzeko. Iruindarrontzako Iruñea berreraikitzea ahalbidetuko duen protagonismoa. Zabal diezazkiogun ateak XXI: mendeko Iruñeari!

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada