2013/04/10

Iritzia: Iñigo gogoan: "Pilotak arazo dira; arazoa ez da pilotak"

Miren Larrañaga, Ibai Iriarte eta Antzine Biain ELEAK Mugimenduaren kideak

Euskal gatazkaren edo protesta sozialen testuinguruarekin zerikusirik ez duen hilketa bat gertatu behar izan da urte gehiegitan premiazkoa izandako eztabaida behingoz emateko, edo, behintzat, horretarako aukera zabal zedin. Zeren eta lehenago ere egon dira larriki zauritutako pertsonak eta hildakoak. Urrunago joan gabe, horren erakusle dugu Xuban Nafarreteren kasua: Iñigok buruan lau egun geroago hil zuen pilotakada jaso baino astebete lehenago, Xuban hiru egunez egon zen larri Zainketa Intentsiboko Unitatean, hurbiletik jaurtitako pilotakada baten ondorioz. Batera zein bestera, kasu guztiek dute zerbait komunean: ez da egon ondorio edo erantzukizun politikorik, ezta administrazioan edo auzitegietan.



Iñigo hil eta jarraian, egun batetik bestera, aurretik gutxi batzuek baizik zalantzan jartzen ez zuten arma hori aho batez gaitzesten hasi ziren guztiak –baita ERNE gisako poliziaren sindikatuek ere!–, hain zuzen, agintari politiko edo polizien ahotik entzun genuen bezala, “hilgarria”, “ez-selektiboa” eta “apuntatzeko ezgauza” zelakoan, besteak beste. Eztabaida beti da ongi etorria, jakina, baina gogoan hartu behar da Ertzaintzak hogeita hamar urte daramatzala 720 km/h-ko abiaduran tirokatzen duen arma hori erabiltzen; Europako estatu gehienek, aldiz, debekatu egiten dituzte, oso arriskutsuak direlako. Eta ez hori bakarrik, errepresioa ezartzeko modurik erabiliena izan da, bai talde txikien aurka bai jendetzaren aurka.

Edonola ere, piloten erabilera murrizteari (eta ez bertan behera uzteari) buruz ari dira hizketan. Murriztu? Utziko diote pilotek arma “hilgarri” izateari Iñigoren hilketatik zentzuzko denbora-tarte bat igarotzen denean, ala? PNVk izendatutako Ertzaintzaren buru berriak, Gervasio Gavirondok, berriki baieztatu du hori, argi utziz zer den “zentzuzkoa” poliziaren iritzian. Hain zentzuzkotzat jotzen du non egokia iruditzen baitzaio publikoki adieraztea, lasai asko eta dokumental batean gainera, kontatzen duena nola hil zuen poliziak arma berarekin pertsona bat. Horren arrisku maila eta apuntatzeko ezintasuna aitortu bai, baina segidan esaten dute erabiltzen jarraituko dituztela. Hori bai, Talde Mugikorrak baino ez ditu erabiliko. Arma hilgarria polizia berezi biolentoenaren eta hilgarrienaren esku, zer eta errepresioa helburu. Zer-nolako lasaitua. Halaber, baliteke eztabaidagai duten material berria hain arriskutsua ez izatea, baina arriskutsua izan, bada (diotenez, 45 egun giharretako minez… eta begian joz gero?). Izugarri arriskutsua, beraz, zuhurtasunik gabe eta jendetzaren aurka erabiltzen bada, polizia autonomikoak ohitura duen legez.

Nolanahi ere, arazoa ez da pilotak. Eman dezagun urrats bat atzera. Zer-nolako polizia eredua daukagu? Polizia biolento bat, errepresioa lehentasun duena, ez gizartearen zerbitzura egotea, baizik eta polizia guztiz militarizatua, herritar oro susmopean duena, eta bizi dugun eredu sozialarekiko kritikoa den pertsona oro etsaitzat hartzen duena. Entzun ditzagun egun hartan Bilbon izandako lekukoen testigantzak. Iñigoren lagunari porrazo piloa eman zioten Ertzaintzarengana hurbildu zenean, zer eta anbulantzia bati deitzeko eskatzeko. Iñigo artatzen saiatu zen neskari, negarrez zegoena gaztearen burua odoletan ikusi zuelako, polizia batek galdera bakarra egin zion, beste polizien barre artean: Iñigoren neskalaguna ote zen. Arartekoak, berriz, bereziki poliziari zuzenduriko gomendio sorta bat egin zuen urte horretan bertan, oinarrizko gabezia batzuk antzematen zituelako, honako gai funtsezko hauetan: poliziaren gehiegikerien aurrean barne kontrol mekanismoak, jarrera arrazistak, atxilotuen eskubideen zaintzea eta indarraren erabilera justifikatu eta neurtua, besteak beste. Baina esanguratsuena ez dira oinarrizko gabezia horiek, baizik eta gomendioa egin beharra, hain zuzen aipatutakoak bete ez direlako eta proposatutako hobekuntzak egin ez direlako. Eta, kontua da oinarrizko gomendio horiek errepikatu egiten direla Arartekoaren lehenengo txostenetik hona, lehena 1998koa izanik ere, duela hamalau urtekoa. Poliziak Arartekoaren gomendioei behin eta berriz muzin egiteaz gainera, eskatutako informazioa ukatu egin izan dio, eta eskatze hutsagatik kritikatu ere egin du. Poliziak modu horretan tratatzen badu herritarron eskubideak babestea ardura duen EAEko instituzio ofiziala, eta jarrera aldatzeko inolako presiorik jasotzen ez badu, zer ez du egingo ba herritar xumeokin?

Hori guztia esan eta gero, Bilboko gertakariak eta horien ondorio larriak ikusita, posible da horiek “istripu” izendatzea, Gervasio Gavirondok aste honetan bertan egin duen moduan?

Beraz, arazoa ez da pilotak, polizia eredua baizik. Baina, eman dezagun beste urrats bat atzera. Polizia eredu jakin batek gizarte eredu jakin bati erantzuten dio. Zer gizarte ereduri erantzuten dio urte hauetan guztietan politikariek eta instituzioek sustatutako baskongadetako poliziak? Gizarte injustu bat, alor sozial, ekonomiko zein identitarioetan; eta, hain zuzen, Ertzaintzaren lehentasun gorena da eredu hori iraunaraztea eta bermatzea, herritarrek sustatu ditzaketen alternatiben aurrean.

Esandako hori hala bada, hori bada gure gizartean poliziak duen funtzioa, inoiz baino premiazkoagoa da egungo polizia ereduaren inguruan eta beren interesen inguruan eztabaidatzea. Bi pareten artean itotzeko arriskuan gaude. Alde batetik, gure oinarrizko eskubideen aurkako eraso etengabeak (hezkuntza, osasuna, enplegua, zerbitzu sozialak…). Bestetik, gizarteko bidegabekeriak salatzeko eta horiei aurre egiteko aukera ematen duten eskubide zibil eta politikoei erasoa, zigor kodearen erreformaren bidez (Euskal Herriko salbuespenezko legeak Estatu osora zabaltzea, mobilizazioak deitzeagatik edo erresistentzia pasiboa egiteagatik kartzela zigorrak ezartzea, tarta bat jaurtitzeagatik espetxeratzea…). Gizarte Estatutik (sekula iritsi gabea) Zigor Estatura (sekula desagertu gabea). Estatuak bazter uzten ditu funtzio sozialak, eta errepresiboak indartzen. Poliziak du ardura proiektu biolento hori aurrera jarrai dezan, beharrezko bake soziala bermatuz, kapitalak bere bideari jarraitzeko. Horregatik izango da Barne Ministerioa 2012ko aurrekontuetan murrizketarik izan ez zuen bakarra.

Pilotak arazo dira, baina ez dira arazoa. Benetako arazoa polizia eredua da, erakunde politikoetan garatu dena. Arazoa da ordena sozial geroz eta injustuago bat dagoela, zeinak disidentziak isilarazteko eskubide zibil eta politikoak murrizten baititu, gizartean gatazka egon daitekeela aurreikusten duenean, eta polizia gehiago inpunitate gutxiagoz erabiltzen baitu, bake soziala bermatu asmoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada