2013/04/04

Ernesto Prat: "Euskaldunok aborigenak gara, desagerrarazi beharreko zerbait gara estatuentzat"

3 hilabete eman zituen espetxean Prat-ek.
Ernesto Prat, Elizondoko bizilaguna, datorren Apirilak 9 epaituko dute Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Ekin taldeko militatea izateaz akusaturik. Datorren igandean, Elizondon manifestazio bat burutuko da epaiketa honen aurka, arratsaldeko 18etan. Ateak Ireki-k berarekin mintzatzeko aukera izan du.

 
Ezker Abertzalearen kontrako sarekada batetik ihes egin behar izan zenuen. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?
Afrikako Serengetin bi motako antilopeak daude, lehoia gibelean dutela “hau ez doa nirekin eta ez da pasatzen ari” pentsatzen dutenak, eta egoera berehala onartuta edo ulertuta lauhazka handian abiatzen direnak. Lehoiaren menua lehenengo antilope motaz dago osaturik… Nik, belar eta sasien artean torturatik ihesi lasterka, urduritasuna, beldurra, etsipena, negargura, amorrua, tentsioa… sentitu nituen.

Espetxean hilabete batzuk eman zenituen, eta gero kalera. Lehenago, Frantziak Espainiaratu zintuen. Estatuen arteko kolaborazioa euskaldunen aurka, berriz ere agerian, ezta?
Espainolak eta gabatxoak, beren harrokeria eta nagusikeria tarteko, beti ari dira mokoka tomatearen prezioa edota kirolarien dopina dela eta, baina, finean, huts egin duten bi inperio baino ez dira. Aborigena desagerrarazi beharreko zerbait da haientzat, edo, egotekotan, museoetan egon behar duen zerbait, turistak erakartzeko. Vive le gâteau basque!
Ernesto Prat, epaitegira eraman zuten egunean.

Orain epaiketa dator. Jarduera guztiz politikoa eramateagatik epaiketa hauek ez al daude guztiz lekuz kanpo bizi dugun egoera politikoa ikusita?
Ba bai, hori uler daiteke, hala ere, beti egon dira lekuz kanpo nire ustez. Ikusiko dugu nolako emaitza aterako den Madrilgo txangotik… Oro har pertsona baikorra naiz, horrela ikasi dut azken urte hauetan guzietan, baina onartu behar dut tarteka-marteka zalantzek abordatu egiten nautela egoera politikoaren inguruan. Kristau onak gu, beti bertze masaila paratzen…

Preso politikoak ez direla existitzen estatu espainolean dio Barne Ministroak, baina zuri talde politiko batean lan egiteaz leporaturik epaituko zaituzte...
Eta egia da, Espainian ez dago preso politikorik. Are gehiago, Espainiako konstituzioak etxebizitza, hezkuntza eta osasun eskubideak bermatzen dizkigu, espainiar estatuan botere banaketa dago eta estatu akonfesionala da. Errege magoak ez dira gurasoak eta Txanogorritxo birjina da. Amen.

Epaiketaren aurkako elkartasun dinamika piztu da Baztanen. Nola hartzen dira horrelako elkartasun keinuak? Beharrezkoa da mobilizazioa errepresioarekin amaitzeko?
Elkartasuna existitzen dela badakigu baina ekimen zehatzetan gauzatzen delarik aise indar eta kuraia gehiago ematen du. Arras garrantzitsua da elkartasuna, areago elkartasun politikoa bada. Herria mobilizatzea beharrezkoa da errepresioaren aitzinean herri harresia deitutakoa goratzeko. Mobilizatzea beti da beharrezkoa, arnas egitea bezalakoa baita. Beharrezkoa zen inperialismoaren eraso basatiari aurre egiteko, beharrezkoa da euskal estatu sozialista erdiesteko, eta beharrezkoa izanen da iraultzaren lorpenak defenditzeko. Kondenatuak gaude, borrokara kondenatuak…

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada