2013/03/26

Presoak: Sevillan dauden euskal preso politikoak gose greban izan dira, Bellonek jasotako jipoi baten ostean

Horien artean, Juan Mari Etxebarri Garro Errotxapeako preso politikoa aurkitzen da. Etxeratek jakin arazi du gaur bertan amaitu dela gose greba, Arkaitz Bellon elorriarra beraiekin batera modulura eraman dutelako.

Sevillako espetxean dauden euskal preso politikoak gose greba bat egin dute, espetxean izandako gertaera batzuen ostean. Pasa den asteburuan hasi ziren lehen arazoak Sevillan, izan ere, bisita normalak zituzten senide eta lagunak miatzen saiatu ziren funtzionarioak. Hiru senide eta lagun ukatu egin ziren miaketa hauek jasatera, zeren bisitak kristalarekin ziren, eta ez zuten inongo kontakturik izango presoekin. Beraz, hiru senide eta lagun bisitarik gabe gelditu ziren. Zuzendariarekin bilkura eskatu zuten presoek, eta Madrileko agindua zela esan zieten.



Gainera, atzo Sevillan dauden euskal preso politikoak itxialdi bat burutzen ari ziren euren ziegetan, Xabier Aranburuk Muret Seyssesen bizi behar izan zuen egoera salatzeko. Egoera hau aprobetxatuz, funtzionarioak Arkaitz Bellon elorriarraren ziegan sartu ziren eta miaketa oso zorrotza egin zioten. Bera ere miatu zuten, ukimenezko miaketa zorrotz bat egin nahi zioten. Eta honen aurrean planto egitea erabaki zuen Bellonek. Bellon ukatzean, funtzionarioek "izugarrizko jipoia" eman ziotela eta isolamendura eraman zutela salatu du Etxerat elkarteak.

Gertaera honen aurrean, bertan dauden beste euskal preso politikoek gose greba bat hastea erabaki zuten. Batetik, bere kideek ez zekitelako Belloni buruzko ezer eta bestetik egoera hau salatzeko. Gainera, zuzendari ordearekin ere bildu dira egoera salatu eta azalpenak eskatzeko.Etxeratek gaur  jakinarazi du euskal preso politikoek gose greba amaitutzat eman dutela, Arkaitz Bellon elorriarra beraiekin batera modulura eraman dutelako.

"Beste behin, gure senide eta lagunen aurkako jarrera lotsagarrien aurrean aurkitzen gara. Gure senide eta lagunen eskubideak urratzen dira etengabe espetxeetan, eta gainera, mehatxu eta jipoiak ere jasaten dituzte. Etengabekoak dira gure senide eta lagunen eskubideak errespetatze aldera Euskal Herrian bertan eta Euskal Herritik kanpo egin diren eskaerak, eta hau da jasotzen dugun erantzuna. Guztiz onartezina da, eta eskubideen urraketa gogorra da", salatu du Etxerat-ek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada