2013/03/07

Noain: Larunbatean euskararen aldeko kantu jaialdia ospatuko da #Korrika Kulturala dela eta

Elortzibarko III. kantu jaialdiaAfari herrikoia eta Marianitoz Blai taldearen kontzertua ere izango dira.
Datorren larunbatean, martxoak 9, arratsaldeko 18:30etan, Noaingo Kultur Zentroan Elortzibarko III. Euskal Kantu Jaialdia ospatuko da. Antolatzaileek aurreko biak bezain arrakastatsua izatea espero dute. Adin guztietako artistak biltzen dituen ekimen parte-hartzailea dugu Elortzibarko Euskal Kantu Jaialdia, non Elortzibarko herritarrak protagonista nagusi bihurtzen diren. Izan ere, Elortzibarko herritarrak dira eszenatokira igo eta kantatzen dutenak, bakarka, binaka, taldeka, koadrilaka zein familian. Aurtengo partaideen artean Noaingo ikastetxeko D ereduko ikasleak, Elortzibar Euskara Taldea, AEK-ko ikasleak, udaleko zinegotziak edo Noaingo Musika Eskolako ikasleak izanen dira, bertzeak bertze.
Entzun ahalko ditugun kanten artean, Oskorri, Sorotan Bele, Anje Duhalde, Katamalo, Ken Zazpi edo Skakeitan taldeetakoak izanen dira. Kantu herrikoiak ere egonen dira, baita jaialdirako AEK-ko ikasleek sortutako abesti bat ere. Gonbidapenak Noaingo Kultur Zentroan eskura daitezke (hartzerakoan, 2 €ko dohaina utz daiteke, Korrikak Elortzibarren korrituko dituen kilometroak erosten laguntzeko).

Korrika Festa NoainKorrika kulturalak bestelako ekitaldiak utziko ditu
Aurtengo edizioa, Korrika Festaren barruan kokatu dute. Horrela gauzak, jaialdia bukatutakoan egitarauak aurrera eginen du eta 22:00etan Txarrantxulo Elkartean afaria egonen da (5 €). Afaldu ondoren Marianitoz Blai taldearen kontzertua eta DJ Peiok alaitutako gaupasa egonen dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada