2013/03/21

Ernesto Prat Ekineko kide izateaz akusaturik apirilaren 9an epaituko dute Madrilgo Entzutegi Nazionalean

Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen du Praten aurka. Apirilaren 7an manifestazio bat egingo da Elizondon Ernestori elkartasuna adierazteko eta eskubide zibil eta politikoen alde.

Ernesto Prat Ekineko kide izateaz akusaturik apirilaren 9an epaituko dute Madrilgo Entzutegi Nazionalean



Espainiako estatuak Euskal Herriko gisa guztietako erakunde, komunikabide, talde eta elkarte ezkertiar eta abertzaleak legez kanporatzeko erabakia hartu ondotik, “dena ETA da” argudiopean, 2008ko irailean Guardia zibilak Ekinen aurkako sarekada egin zuen Nafarroan.

Polizia operazio horren ondorioz, "torturetatik libratzeko" Ernesto Prat Elizondoko bizilagunak "ihes egin behar izan zuen", atzo bere herrian emandako prentsaurrekoan bere bizilagunek adierazi zuten moduan. "Betiere Entzutegi Nazionalean polizien eskuetatik pasatu gabe deklaratzerat joateko eskaria egin eta prestutasuna erakutsi zuen, nahiz epaileak ez zuen eskaria kontuan hartu. Operazio horretan atxilotutako gazteek torturak salatu zituzten", gogoratu zuten agerraldian.

Bizitza normala Iparraldean
Euskal Herrian ireki den aldi poliko berriaren testuinguruan Urruñan bizitza normal eta publikoa egiten zuen Ernesto Pratek, baina 2012ko urtarrilaren 25ean Frantziako poliziak Urruñan atxilotu eta Grande Marlaska espainiako entzutegi nazionaleko epailearen eskaera onartuz, 2012ko otsailean espainiaratu zuten. Azkenik, Frantziako eta Espainiako estatuko kartzeletan hiru hilabete pasatu ondotik, 2012ko apirilean espetxetik epaiketa noiz eginen zain bermepean atera zen.

"Euskal Herrian irekitzen ari den aldi politikoan Espainiako eta Frantziako estatuen tresnategi errepresiboak betikoan jarraitzen du", salatu zuten atzo Elizondon. "Politikan aritzeko eskubidea trabatuz, polizien jazarpenarekin segituz, salbuespen legeak mantenduz, oinarrizko eskubideak urratuz eta herritarren kontrako epaiketa politikoak bururatuz. Baldintza horietan eta Euskal Herrian irekitzen ari den aldi berria egonkortzeko Estatuek beren zanpaketa estrategia alde batean utzi eta bitarteko errepresibo guztiak desegitea derrigorrezkoa da", aldarrikatu zuten. Era berean, euskal herritar guztien eskubide zibil eta politikoak "errespetatu eta aitortu" behar direla azpimarratu zuten.

Epaiketa berri hau salatzeko, euskal herritar guztiendako eskubide zibil eta politikoak eskatzeko, Estatuen estrategia errepresiboa geldiarazteko eta Ernesto Prati elkartasuna adierazteko, apirilaren 7an, igandean, manifestazioa eginen da Elizondoko karriketan. Manifestazioa atsaldeko 18:00etan abiatuko da plazatik "Epaiketa gehiagorik ez! Eskubide zibil eta politikoen alde! Ernestorekin elkartasuna" lemapean.
Modu berean Baztango udalean eta Baztango Batzar Nagusian gaiaren inguruko mozio bana sartu dituzte. Baztango udalak dagoeneko onartu du, modu horretan manifestazioarekin bat eginez. Batzar Nagusian apirilaren 2ko saioan eztabaidatuko dute gaia.

Bertzalde, apirilaren 9an Madrilerat joateko autobusa antolatuko da eta izena Intzan eta Zubi Puntan eman beharko da.
Azkenik autobusa pagatzeko eta hainbat gastuendako dirua ateratzeko apirilaren 6an Elizondoko gaztetxean kontzertua eginen da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada