2013/03/27

[Bideoa] Euskaraz Bizi Eguna Agoitzen ospatuko da euskararen erabilean espaloitik ez jaisteko deia eginez

Agoizko kaleak Euskaraz Bizi Egunaren 4. edizioaren lekuko izango dira, eta auzolanean antolaturiko egitaraua oparoa da.




Euskal Herrian Euskaraz taldeak heldu den apirilaren 13an Agoitzen egingo duen Euskaraz Bizi Egunaren (EBE) xehetasunak aurkeztu ditu gaur Iruñean.
Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna. "Norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna", azaldu dute deitzaileak.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi du Euskaraz Bizi Eguna-k. "Izan ere, Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik", azpimarratu dute EHEko kideak.

Gaurko agerraldia, euskaltzalez ingurutarik burutu dute, eta oraindikan euskararen alde "bide luzea" dagoela egiteko esan dute. "Geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egin eta jendartean eragitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin baititzakegu euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan dadin Euskal Herri osoan. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea, espaloitik ez jaistea, ezinbestekoa da horretarako. Hauxe da apirilaren 13ko egitasmoaren leloa “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” izatearen arrazoia", azaldu dute.

Euskaraz Bizi Eguna, auzolanetik sortua
Sei urtez bide egin ostean, Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin zion EHE-k. Aurten laugarrenez antolatu dute ekimenak Etxarri- Aranatzen hasi zuen ibilbidea. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Iaz, Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto Euskaraz Bizi Egunak.

Aurtengoa bezala, aurreko Euskaraz Bizi Egun guztiak sortu dituzte auzolanetik, tokian tokiko euskalgintzarekin eta eragile sozial zein kulturalekin batera. Aurtengoa bide beretik joango da. Eguneko egitarauari dagokionez ere, lan handia egin dute Agoizko eta Nafarroa Garaiko ekialdeko eragileekin hauen parte-hartzea bilatzeko. Zentzu honetan eskertu nahi izan dute Agoizko udala eta herri honetako herritar eta eragile guztiak.

Egitarau oparoa antolatu dute, txikiak, gazte eta haundiak disfrutatu dezaten
Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.
Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.

Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak. Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.

21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada