2013/01/18

Fleury espetxean aurkitzen diren euskal preso politiko guztiak zigor ziegetan aurkitzen dira

Fleury espetxean dauden 24 euskal preso politikoak mitardean (isolamenduan) daude, bi euskal preso politikok funtzionario batekin izandako eztabaidaren ondoren.



Fleury espetxean dauden 24 euskal preso politikoak zigor ziegetan aurkitzen dira. Urtarrilaren 7an, Jose Javier Oses bere ziegan zegoela funtzionario batek berarekin izandako jarrera txarra zela eta, funtzionarioari kexatu zitzaion, bere lana jarrera on batekin ere egin zezakeela esanaz. Funtzionarioak oso gaizki hartu zuen Osesen iruzkina, eta oldarkor jarri zen. Une horretan, Aitor Elizaran Osesen ziegaren paretik pasa eta egoera ikusita, tentsio une hori lasaitzera joan zen. Orduan, funtzionarioa urduriago jarri zen eta une batean Elizarani ukabilkada bat ematera joan zen. Elizaranek funtzionarioaren ukabilkada saihestea lortu zuen, baina, ondorioz, funtzionarioa lurrera erori zen.

Hau ikusita ziegara funtzionario gehiago etorri ziren, eta Elizaran lurrean jarri zuten. Bera jotzen saiatu zen funtzionarioak pare bat ostikada ere eman zizkion aurpegian.

Gauzak honela, Oses eta Elizaran 18 egunetarako mitardera (isolamendura) eraman zituzten. Eta elkartasunez Fleuryn dauden beste 22 euskal preso politikoak ere mitardean sartu ziren. Presoek mitardean oso baldintza gogorretan egon behar izaten dute. Bizi baldintzak benetan eskasak baitira, eta senide eta lagunek dituzten bisitak ere murriztu egiten baitizkiete.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada