2013/01/22

Bildu Iruñea: Zer gertatzen ari da Udaltzaingoarekin?

Zer gertatzen ari da Udaltzaingoarekin hiri honetan? Hauxe da Iruñeko bizilagun askok eta askok bere buruari egiten dioten galdera. Eta ez bakarrik azken urteetan, baizik eta bereziki azken hilabeteotan.



Eta ez da harritzekoa. Udaltzinek ohituak gaituzte villavesaren entzierroan, sanferminetako txupinazoan edota edozein ekimen herritarrei jarritako oztopo eta erasoak ikustera. Baina gertaera horiei guztiei azken asteetan ezagututako beste batzuk gehitu beharra diegu, hala nola hainbat hedabideetan azaldutako udaltzainen arteko lan absentismo hazkundea eta mobbing konstantea, baita UPNko konfiantzazko karguekin izandako pribilegiodun tratuei lotutako eskandaluak ere.

Era berean, Mendillori auzoko bizilagunek bertako gazteek udaltzainen eskutik pairatzen duten jazarpena. Zehazki, ostiral honetan bertan eskoletako patioan egoteagatik 19:00ak aldera udaltzainek 15-16 urte bitarteko 30 bat gazte identifikarazi eta hormaren kontra jarri zituztela salatu dute. Eta hau dena jarrera harroputzaz eta probokatiboaz. Gainera, gogoratu beharra dago Mendillorriko gazteek urteak daramatzatela gazteentzako lokalen eta espazioen beharra aldarrikatzen, eta Udal Gobernuak ez dio oraindik eskakizun honi inolako erantzunik eman.

Udaltzainen ekimen hauek guztiak lotsagarriak eta onartezinak dira. Hau al da UPNk hainbestetan aipatzen duen errespetu eta elkarbizitza? Zergatik ote izanen da Polo jaunak ez dizkigula udaltzainen jarduerari buruzko galderak erantzuten? Noraino iritsiko dira Simón Santamaría ex-militarrak zuzentzen duen Udaltzaingoaren azpijoko eta gehiegikeriak? Beste behin ere gogoratu beharra dugu gizon hau bere kargutik kanpo aspaldi egon beharko lukeela, hainbat alditan Osoko Bilkurak hala erabaki baitu. Baina Iruñean ohikoa den moduan, UPNk hiritarron nahi era erabakiei entzungor egiten die.

Iruñeak eta bertako biztanleok bestelako Udaltzaingo eredu bat behar dugu. Bildu Iruñea ekimen zehatzen gainean lanean gaude eta datozen asteotan aurkeztuko ditugu. Bestelako eredu bat behar dugu, zeinean udaltzainak hiritarron zerbitzura eta hiritarron defentsan arituko diren; udal langileen lan baldintzak bermatuko dituen bestelako eredua; klase politikoarekiko mesedezko traturik izango ez duen eta mobbing-a zigortuko duen bestelako eredua. Ziur gaude bestelako Udaltzain eredu bat beharrezkoa eta posible dela, eta norabide horretan, Bildu Iruñeak eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzeko konpromisoa hartzen du, Iruñeko eragile sozial eta indar politikoekin eztabaidatuz eta adostasunetara iritsiz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada