2013/01/22

[Bideo] Bi nafar epaitzen ari dira Parisen, eta Ezker Abertzaleak salatu du epaiketa

Gaur, urtarrilak 22 asteartea, Ugaitz Astiz eta Mikel Olza iruindarrak epaitu dituzte Parisen. Donibaneko hainbat bizilagun bertaratu dira eta gatazkaren konponbide politikoa aldarrikatu dute han.





Gaur, urtarrilak 22 asteartea, Parisen Iruñeko bi bizilagunen kontrako epaiketa hasi da, eta hori dela eta, Iruñeko Ezker Abertzaleak "blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren aldeko jarrera aktiboak hartzea nahitaezkoa dela" esan du.

"Gaur egun, Euskal Herriak frantziar zein espainiar Estatuekin bizi duen gatazka politikoa gainditzeko aukera paregabearen aurrean aurkitzen gara, hau da, garai itxaropentsuak bizi ditugu. Hartara, Euskal Herriko jendartetik eta Nazioarteko Komunitatetik bidaltzen ari diren mezuak argiak dira: konponbide demokratikoaren norabidean urratsak egin behar direla hain zuzen ere. Zentzu horretan, blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren aldeko jarrera aktiboak hartzea nahitaezkoa dela deritzogu".

Epaiketa berri hau, aldiz, konponbidearen aldeko aurrera pauso baino egin behar den ibilbiderako "oztopo berri bat" besterik ez dela esan du Ezker Abertzaleak. "Hain zuzen ere, horrelako jardunbideak ez dutela bizi dugun gatazka politiko eta salbuespen egoera luzatu baino egiten pentsatzen dugu".

Konponbide garai hauetan, Euskal Preso Politiko eta Iheslariak Euskal Herriratzea litzateke hartu beharreko bidea, Ezker Abertzalearen ustez. Horrexagatik, "mendeku eta blokeoaren" estrategia behin-behingoz bertan behera utzi eta konponbide demokratikoari ateak parez-pare irekitzea aldarrikatu du Ezker Abertzaleak.

1 comentario: