2013/01/23

[Bideoa] 5 pertsona atxilotu ditu Foruzaingoak eskola euskaldun bat aldarrikatzeagatik

Iruñean Hezkuntza sailaren aurrean Euskal Herrian Euskaraz taldeak ekimen bat egin du eskolak euskaldundu behar duela aldarrikatzeko. 5 pertsona atxilotu ditu Foruzaingoak.
Argazki + Ekinklik





"Guk eskola euskalduna". Horixe eskatu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak gaur goizean, Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitzan. Bost kidek parte hartu dute protestan. Atarian lehendabizi, eta egoitza barruan gero, eskola emateko itxura egin dute bost pertsonek, Espainiako Gobernuak egin nahi duen hezkuntza erreformaren aurkako eta euskal eskolaren eta euskal curriculumaren aldeko mezua zabaltzeko.

Foruzaingoak eraman ditu protestan parte hartu duten bost pertsonak; identifikatzeko prest agertu dira, baina euskaraz, eta foruzainek gaztelaniaz baino ez diete egin.

Gaurko ekimena "Guk, eskola euskalduna!" lelopean EHEk abiatu duen kanpainaren berri emateko burutu da. Ekimena burutzen zuten bitartean "eztabaidan hasi gara hezkuntza ereduen eta Wert ministroaren azken proposamenaren inguruan", azaldu dute EHEkoek. 20 minuturen buruan, eraikinean sartu dira "klasearekin jarraitzeko asmotan". Orduan, Foruzaingoa agertu da. "Gazteleraz zuzendu zaizkigu eta identifikatzeko asmoa genuela erantzun diegu, betiere foruzain euskaldun batekin", azaldu dute. Foruzainek errespeturik gabe erantzun dute: "Hobe da denontzat elkar ulertzea, batez ere zuentzat, baina bai eta guretzat ere. Eta elkar ulertzeko, ongi hitz egin beharra dago. Zuek nik erraten dudana ulertzen duzuela uste dut, baina nik ez dut ulertzen zuek diozuena". Euskaraz mintzatzen jarraitu dutenez, komisaldegira eraman dituzte bostak. Komisaldegian polizi euskaldunaren zain egon dira ordu bete inguru. Datuak eman ondotik alde egiteko baimena eman diete. Notifikazio bat ailegatuko zaiela ere esan diete, nahiz eta ez duten arrazoirik argitu.

Gaurtik hasita, hainbat ekimen eginen ditu EHEk Euskal Herri osoan, eta herritarrei erasoei aurre egiteko deia luzatu die.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada