2012/12/21

#U12Bilbora: Komiki eta argazki erakusketak ikusga Iruñean

Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorra arlo guztietatik datozen ekarpenekin janzten ari da. Oraingo honetan, hainbat marrazkilarik eta argazkilarik beren lanak eman dituzte presoei eta espetxe politikari buruzko talde erakusketak Iruñean ikusgai jartzeko.

Argazki Galeria



Komikilariei dagokionez, erakusketa Zabaldiko Kalaska espazioan ikus daiteke (Nabarreria 25, Iruñea), abenduaren 31 arte, 12.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 18:00etatik gaueko 21:30etara.
Erakusketan, 21 marrazkigile hauen 64 tira egonen dira: Abarrots, Adur Larrea, Alatz Lopez, Amaia Ballesteros, Asisko Urmeneta, Axpi, Dani Fano, Exprai, Iñaki Holgado, Jokin Larrea, Joseba Larratxe, Juan Kalvedillo, Kako, Lope, Lore Zahara, Martintxo Altzueta, Mattin, Rafa Iglesias, Tasio, Zaldi Eroa eta Mikel Orbegozo. Azken honek, jatorriz Donostiako Intxaurrondo auzokoa eta gaur egun espetxean dagoenak, "Preso nago" izeneko komikia argitaratu zuen 2010eko abenduan, Ataramiñeren eskutik; lan horren zenbait pasarte ere ikusgai egonen dira.
Komikien erakusketa manifestazioaren webgunean sartuz ere bisitatu daiteke. Herrira mugimenduak marrazkilari eta irudigile guztiak animatzen ditu erakusketa honetarako aportazio gehiago egitera. Nahi izanez gero, beraz, webgunean ageri den helbidera bidali behar dira lanak, urtarrilaren 12a baino lehen. Manifestazioaren egunean, lan guztiak ikusgai egongo dira Bilboko Areatzan.

Argazki erakusketak
Espetxe politikari lotutako bi argazki erakusketa ikusgai daude Iruñean. Lehenengoa, “0 kilometroa” izeneko proiektukoa, hiru tokitan da: Hormiga Atómica (Curia 4), Txantreako Akelarre (Lesaka 5), eta Punktxa (kale Nagusia 8). Eta bigarrena, Ekinklik kolektiboarena, Giroa ostatuan dago (Jarauta 88). Biak, abenduaren 31ra (Hormiga Atomicaren kasuan, abenduaren 23 arte).

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada