2012/12/25

Iritzia: "Aberastasunaren banaketa: lana denontzat, hobeki bizitzeko. Lana banatu."

Manuel Velasco (CGT-Nafarroa), Juanan Iriarte (ESK), Andoni Romeo (KEM/MOC), Beatriz Villahizan (SOS Racismo), Fernando Armendariz (Bira Beste Aldera)

Pobrezia zabaltzen den bitartean aberastasuna metatzen da, hau nazkagarri!. Gero eta aberatsagoak diren esku gutxien eskuetan pilatzen da ondasuna, ez dute mugarik ezagutzen, bukaezina da haien diru gosea. Mahatma Gandik esan zuen “Badago guztien beharra asetzerik lurrean, baina batzuk duten berekoikeria ez bezain beste”.



Nafarroan 51.000 pertsonak langabezian daudenean, horietako asko, oso egoera larrian, sindikalgintzak zer egin behar duen?. Sindikalismoa gizartearen arazoak konpontzeko sortu zen, gizakiak bere arazo berdinak dituenekin bat egiten du, errotutako boterearen kontra oldartzeko, bizitza eta lan duina defendatzeko. Bat egiteak indartsuagoak egiten gaitu.

Gogoarazi behar dugu, etorkinekin gertatzen ari dena, haiendako lana galtzea paperik gabe geratzea da, eta horrek ahulagoak bilakatzen ditu, oinarrizko errentarik gabe eta kasu askotan osasun eskubiderik gabe geratzen direlako, haiendako ez dago eskubide unibertsalik. Denon jakina da, botereak pertsonen arteko desberdintasunak indartzen dituela, horretaz baliatzen da bere interesak lasai asko lortzeko, hauxe da boterearen lema “banatu eta garaipena zurea da”. Sindikalgintzaren oinarriparra izan behar da , langileon arteko elkartasuna, lanaren banaketa (etxeko lana eta gaixoen zaintza barne),asteroko 30 orduko laneguna lortzea.

Horrela, lana eta ondasuna denontzat egongo den gizarte justuago batera hurbilduko gara. Boterearen eta honek sorturiko krisiaren aurkako erreminta egokiena , langileon elkartasuna dugu, bera da abiapuntua, lortu nahi ditugun lan baldintzak duinak eta bidezko gizartea eskuratzeko.

Nola bururatzen da elkartasuna?. Ez da karitate hutsa, lagunkidetasunean oinarritzen da. Modu desberdinetan gauzatzen da, egoera ekonomikoa eta aro historikoaren arabera , ez dago idatzita nola hedatu behar dugu solidaritatea. Guk hemen gauden sindikatuek, hainbat giza taldek egindako proposamenak onartzen eta gurea egiten ditugu, lagunkidetasuna, justizia soziala, lan banaketa, antolakuntza eta demokrazia horizontala…

Une honetan, pobrezian bizi direnentzat oinarrizko errenta, deshazkunde ekonomikoa, eta lana guztientzat lortzea da, gure zer egin nagusia, hauxe da bidea bizi modu duinago izateko. Hegoamerikak ere badu guri zer irakatsi, ongi bizitzeko tokiz tokiko ekologia sustatuz, bizi modu sinpleago bilatu behar dugu. Langabeziari aurre egiteko eta hobeki bizitzeko asteroko 30 orduko lana eskatzen dugu, gure bizitza lanean uxatu ez badugu nahi, ez dago beste zidorrik .Lanean sartuko ez ditugun orduak, gure gustuko diren ekimenekin gozatzeko erabiliko ditugu, bizi poza eta eredu sozial parte-hartzailea ere nahi dugu.

Hau guztia dela eta, hainbat sindikatuek eta kolektiboek, abenduaren 26n goizeko 12etan parlamentuaren aitzinean elkarretaratzea egingo dugu, “lana denontzat, lana banatu, eta gutxiago lan egin hobeto bizitzeko” leloak aldarrikatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada