2012/11/06

#Gazte ZukGua: Gazte antolakunde berri bat sortzeko prozesu eratzailea martxan da Zizurren

Bi asanblada burutu dituzte, eta azaroaren 10an beste bat burutuko dute.





Zizurko gazteek urriaren 20ean dastatu zuten lehenbizikoz Zukgua. 20 bat lagun bildu ziren herriko kultur etxean lehenengo eztabaida asanblada burutzeko eta egunari "barrez eta alaitasunez" ekin zioten "giroa berotzeko" pare bat jokurekin. Horren ostean, egungo munduaren egoeraren azterketan murgildu ziren gazteak. "Hainbat gai izan genituen hizpide ariketa dinamikoen bidez, hala nola, kontsumo gizartea, krisiak, gazteria, bizimodua, kapitalismoa... Horien guztien muinera joaz, mundua ulertu eta elkarloturak sortzeko baliabideak ezagutu genituen", azaldu dute ohar batean. Nabarmen geratu zen ere, gazteak ez dutela "inposatu" dieten egoera halabearrez onartu behar, "pairatzen ditugun eskubideen urraketei eta identitate zapalkuntzari aurre eginen diegula eta alternatibak eraikitzearen bidean gaudela", azpimarratu dute.

Datorrena, azaroaren 10an
Asanbladan belaunaldi ezberdinen parte hartzea aipatzekoa da, "frutatxoak bezala, guztiz hazi gabekoak batzuk, oraindik zuhaitzeko adarrei tiraka, eta heldutakoak besteak, haien zukuaz ingurua zipristintzen duten horietakoak". Aniztasun horrek "zeharo" aberastu zuen asanblada, deitzaileen iritziz. "Dela harremanei dagokienez, dela formakuntzari joaz, gutako bakoitzak zer edo zer ikasi eta barneratu genuen", baieztatu dute. Arratserarte luzatu zen jarduna, tartean Esparru gaztetxean bazkaldu zutelarik. Urriaren 27an emendakin asanblada burutu zuten parte hartzea "urriagoarekin". Datorren asanblada azaroaren 10ean kultur etxean goizeko hamarretan izanen da eta gazteei "hots egin nahi dizuegu prozesura hurbildu zaitezten, zuetako bakoitzaren parte hartzea beharrezkoa delako, Zuk gu-a osatzen duzulako!".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada