2012/11/19

#GaragardoFesta: Alde Zaharrak jai herrikoien aldeko festarekin egin zuen gau pasa larunbatean

Argazki galeria herrikoia osatu zuten eta eguneko kronika txiki bat helarazi digute komunikabideei.




 
Gora Iruñeak helaraziko festaren kronika
"Duela urte batzuk lagun batzuk mahai baten inguruan garagardo batzuk edaten bildu ginen. Iragandako urteen pasadizoak kontatzen genion elkarri. Jarauta kaleak zuen Alegria, asteburuetako Jarana... zein oroitzapen onak!
Baina garaiak aldatuz doaz eta instituzioen utzikeriak, araudiek, merkatal gune handiak, poltsikoetako zuloek, “krisi” famatua... Iruñeko bihotza tristetu dute.
Beharra ikusita peñak, tabernariak eta auzokideak lanean hasi ziren gure kale maitatuak merezi duen giro herrikoia berreskuratzeko, berehala garagardo festaren ideia sortu zen. Aldapa peñan hasi ziren bilerak eta dagoeneko zortzigarren garagardo festa ospatu dugu.

Urtez urte parte hartzen duen jende kopurua handituz doa, antolakuntza akatsak gutxituz doaz. Ia bost urtetan 600 garagardo zerbitzatzetik 12.000 zerbitzatzera pasa gara. Zonaldeko peñez eta Iruña Taldeaz aparte bizilagunek, Peñen Federazioak, babesleek eta tabernariek ere laguntza aktiboa ematen dute, azken hauek egun honetan etekin ekonomikoak ere lortzen baitituzte.

Larunbatean Iruñeko bihotza kolorez janzteko helburua gauzatu genuen berriz ere. Jendetza kalean eta tabernak, peñak, lokalak bete beteak. Sortutako jai giro herrikoiak Sanferminetako gauak ekarri zituen gogora. Garagardoak hartzeko aitzakiaz ehundaka lagunek gau miresgarri batez gozatzeko aukera izan zuten, euriak ere ez zuen jaia hondatu. Jendetza horren handia zen saltxitxa bokatak eta garagardoak nahi baino lehen bukatu zirela eta ez soilik Jarauta kaleko tabernetan, ondoko kaleetan ere afal orduan jendetza zegoen. Garagardo aniztasunak ere arrakasta lortzen lagundu zuen.
Nahiz eta aurrekontu txikia izan munduko leku askotako garagardoak dastatu genituen, ohiko zaporeak baina baita berriak ere. Bono sistemak geroz eta arrakasta gehiago du eta salgai jarri eta ordu gutxira bukatzen dira. Baina garrantzitsuena kaleak hartzen duen irudia da, azaroaren bukaerako egun hotz batean jendez beterik egotea garagardo onez eta konpainia hobez gozatzen.

Parte hartu dezagun ekintza herrikoietan, erakutsi dezagun Iruñea denok garela eta gure hitza aintzat hartu behar dutela. Gure Iruñea zaharrean abesten eta topa egiten jarraitu nahi dugulako."

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada