2012/11/30

Fran Balda: “Urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrak berebiziko garrantzia du oraingo blokeo-egoera gainditzeko”

Gaur, hilabetearen azken ostirala denez, sakabanaketaren aurkako ehundaka mobilizazio antolatu ditu Herrirak Euskal Herri osoan
Eguerdian, Herrira mugimenduak konzentrazio bat burutu du Iruñean, Gobernu ordezkaritzaren aurrean, "Sakabanaketak hiltzen du. Euskal Presoak Euskal herrira" lelopean. Atzo 9 urte bete ziren Sara Fernandez hil zenetik, eta abenduaren 6an Karmele Solagurenen hilketaren 8. urtemuga izango da. Biak auto istripuz hil ziren, bere lagun bat eta bere semea espetxera bisitatzera zihoaztenean.


Fran Balda Herriraren bozeramaileak azaldu duenez, sakabanaketak 16 bizi eraman ditu dagoeneko, eta ehunka zauritu utzi ditu presoen senitarteko eta gertukoen artean. Aurten 40 euskal herritarrek izan dituzte auto istripuak maite dituztenak bisitatzera zihoazela.
"Sakabanaketak jarraitzen du oinaze handia eragiten gure gizartean, eta pertsona askoren giza eskubideak urratzen. Gure ustez, presa handikoa da asteburuetako errusiar erruleta amaitzea, berandu gabiltzala jada bakeari eta pertsona horien guztien giza eskubideen gaiari heltzen", dierazi du.

Akordio sozial zabala
Egoera hau gainditzeko, Herrira mugimenduaren ustez pertsona guztien giza eskubideak defendatuko duen akordio sozial zabal bat beharrezkoa da: "Bakerako bidean lehen geltokia ziurtatu behar dugu, bertan gizarte guztiak ikus dezan egoera hobetu egin dela, oinarrizko eskubideak errespetatzen direla", esan du.  
Hori dela-eta, datorren urtarrilaren 12ko Herri Mobilizazio Orokorrak berebiziko garrantzia du oraingo blokeo-egoera gainditzeko. "Helburu garbi bat dugu: Bilboko kaleek nabarmen erakustea akordio sozial zabal hau, sakabanaketari eta salbuespen-neurri guztiei amaiera emateko borondatea".
Mudu berean, abenduak 14an Iruñean antolatu duten manifestaziora joateko deia egin dute, “Sakabanaketak hil egiten du. Euskal presoak Euskal Herrira” lelopean.


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada