2012/11/05

Akelarre digitala, Euskalerria Irratiaren 25. urteurrena ospatzeko

Ateak Irekik Euskalerria Irratiaren gala zuzenean eskeiniko du datorren asteazkena arratsaldeko 20etatik aurrera. Bertan izango dira Gorka Urbizu, Ruper Ordorika, Balerdi-Balerdi eta Kerobia.
Ateak Ireki-k, beste hainbat web orriekin batera, zuzenean eskainiko du streaming bidez Euskalerria Irratiaren 25. urteurreneko gala, datorren asteazkenean. Gala honen helburua, "akelarre digitala egitea irratiaren urteurrena ospatzeko, eta irratiarentzako lizentzia aldarrikatzeko. Zortzigarren euskalkia darabilten guztiekin. Interneteko euskal unibertsoa osatzen duten denekin", aipatu dute bere antolatzaileek.

Gala datorren asteazkenean, hilak 7, 20:00etan, egingo da, Atarrabiako Kultur Etxean. "Euskalerria Irratiak 25 urte eman ditu entxuferik gabe, eta halaxe, entxuferik gabe, unplugged, modu akustikoan ariko dira Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Ruper Ordorika, Balerdi-Balerdi eta Kerobia", iragarri dute. Enrique Villarreal El Drogas ere iragarrita zegoen, baina gaixotu egin da.



Musikaz gain, elkarrizketak, lehiaketak eta esketxak izanen dira. Eta hori guztia streaming-ean txukun gozatzerik izan dadin, Eguzki Bideoak-eko kideek hiru kamera eramanen dituzte Atarrabiara, baita errealizazio mahaia ere.

Ekitaldia, jakina, zuzenean ere goza daiteke. Sarrerak 5 euroan dira salgai, Euskalerria Irratian, Karrikiri Euskal Dendan (Xabier karrika 4, Iruñea), Karrikaluze Elkartean (Ribed parkea 1, Atarrabia) eta Atarrabiako Kultur Etxea. Sarrerak nahi dituztenek azkar mugitu beharko dute. 300 besterik ez dago, eta erdiak dagoeneko salduta daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada