2012/10/22

Iruñea: Muthiko Alaiak peñako fanfarkide bat atxilotu zuen Udaltzaingoak kalean musika jotzeagatik

Bildu Iruñea taldeak salatu du larunbat gauean Udaltzaingoak Muthiko Alaiak peñako fanfarkide bat Alde Zaharrean atxilotu izana. Hau salatzeko eta ardurak eskatzeko eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituztela iragarri dute.
Pasaden larunbatean, urriaren 20an, gauerdia pasata Muthiko Alaiak peñako fanfarrea Estafeta kalean jotzen ari zela Udaltzaingoaren furgoneta bat agertu zen. Poliziak jarrera "harroputzez" hainbat musikari identifikatzen saiatu zen eta bitartekari gisa aritutako musikari bat atxilotuta eraman zuen. Hain zuzen ere pertsona hau poliziei komunikatzen saiatu zen egoerari irtenbidea hitz eginez bilatu zezaketela, gatazkarik sortu gabe eta bestelako formak erabiliz. Poliziak gazteari identifikatzeko eskatu zion eta hitzez bere burua identifikatu arren NAN emateko agindu zioten, eta horretara uko egin zionez komisaldegira eraman zuten atxilotuta goizeko 4:00etan bere abokatua agertu arte.



Udaltzaingoaren jarrera errepresibo hau "onartezina da", Iruñeako Bilduren ustez, "hiritarren zerbitzura egon beharko luke eta ez hiritarren kontra". Bilduk prentsa ohar baten bidez esan du Udaltzaingoak ezin duela "jendez beteriko kale batera gauez iritsi modu harroputzean eta probokatzailean, forma minimo batzuk mantendu gabe eta hiritarrak delikuente moduan tratatuz". Larunbatean eta "beste askotan gertatutakoari" amaiera eman behar zaiola exijitu du Bildu Iruñea taldeak eta eurek eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituzte "azalpenak eskatzeko eta ardurak exijitzeko".

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada