Azaroaren
10an Askapenaren 25. urteurrena ospatzeko Altsasun egun
osoko jaialdia egingo da.
25 urteak ospatzeko abestia
Askapena Hego Euskal Herrian NATOri ezezkoa eman
zitzaionean jaio zen, "han hemenka
inperialismoaren aurka gogor" egiten zenean. "Guzti hari elkartasuna eman
asmotan, hamaika herri garen arren borroka bakarra dela ohartzen hasi
ginen euskaldunok ere" eta "sorreratik jakitun ginen, elkartasunak joan etorrikoa behar zuela,
herri borrokalari batek beste bati eskainia eta jasoa" adierazten dute Askapenatik. Askapenak gaur arte, irmoki heldu dio bere konpromezuari,
euskal herriaren askapen sozial eta nazionalean aktiboki parte hartuz. "Jakitun izan baikara, gainerako herriekiko elkartasunak, bere gorena,
gure herria askatzean, euskal herria estatu sozialista bilakatzean
gauzatuko dela".
Milaka lagun, ehundaka borroka
Milaka izan dira
munduan zehar izaniko euskal brigadistak, ehunka kanpaina burutuak.
Lehen hamarkadan Ertamerika edo Kuba baziren ere jo muga nagusiak, 90eko
hamarkada latzetan, kapitalismoaren nagusitasun osoan La Candona
oihanetik, zapatistak, munduari aurpegia erakusten hasi ziren. Haiekin
batera altzako ziren milaka kilometrotara zeuden jatorrizko herri
zenbait ere. "Mundu uniforme eta globalizatuan, euskaldunak ere europako
jatorrizko herritar ginela erakutsi ziguten. Milurtekoarekin batera,
prozesu bolivariarra bigarren eta egiazko independentza baten aldeko
egin ahaletan zebilen bitartean, inbasio eta gerra inperialistak
areagotzen ari ziren munduan. Eta azken hamarkadan besteak beste,
Palestinar herriarekin zubi lanak eraikitzen aritu gara, batez ere ,
boikot kanpainak burutuz. Bidean ordea, hainbat izan dira erori
direnak, internazionalismoa azken muturrera eramandako euskaldunak;
Pakito, Marta, Begoña eta erori diren guztiak oroitu nahi genituzke" dio Askapenak.
Bide berean, Euskal Herriarekiko elkartasuna landu eta ereiten ibili
da Askapena, eta 25 urteotan hainbat izan dira jasotako elkartasun eta
babesak. Ezin ahaztu 1994ko
Filtroko gertakari haiek esaterako. Aurreko hamarkadetan aldiz, elkartasun
komiteetan antolaturik eta Euskal Herriaren Lagunak bezala ondoren,
konta ezinak izan dira jasotako elkartasun adierazpideak.
Internazionalismo delitu?
Euskal internazionalismoaren aurka eta Askapenaren
aurka duela bi urte sarekada burutu zuen espainiar
poliziak. Askapenako auziperatuak epaiketaren zain aurkitzen dira gaur egun. "Askapenak baina, aurrera egiteko beharra zuen eta du orain ere.
Baina jakitun gara ez dela nolanahikoa aurrean duguna.Inoiz ezagutu
gabeko eraso etengabean dihardu kapitalismoak: inbasio militarrak
burutuz, murrizketak, estatu kolpeak... Munduko banku eta
transnazionalen dikaturan bizi gara. Eta zentzu honetan, Euskal
Internazionalismoa inoiz baino beharrezkoagoa da egun. Euskal askapen
sozial eta nazionala lagunduko duten bide lagunak behar ditugu,
konponbide politikoa babestu eta askatasunerantz gurekin batera joango
diren bidaideak . Baina aldi berean, Euskal Herriak, inperialismoa
ahultzen duten prozesuak babestu behar ditu, inperioen hatzaparrak
ahultzeraino. Eta azkenik gure herriko eragile eta antolakundeak
gainerako borrokez aberastea dagokigu, beharrezko diren zubi lanak
eskainiz", azpimarratzen dute Askapenako kideek.

No hay comentarios:
Publicar un comentario en la entrada