2012/10/02

Iheslariak: Celestino Galan errefuxiatu politikoa hil da Venezuelan

Etxeratek informatu duenez, Celestino Galan errefuxiatu politiko bilbotarra irailaren 19an hil zen Venezuelan, 53 urte zituela. Istripuz hil zen, auto batek harrapatuta. Celestino Venezuelako Carabobo estatuko Valentzia hirian bizi zen, eta bertan seme bat ere bazuen, 5 urtetakoa. Guztira 30 urte baino gehiago zeramatzan Celestinok etxetik kanpo.  

Etxerat elkarteak kaleratutako oharra:
"Etxerat elkarteak bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die Celestino Galanen senide eta lagunei. Eta era berean, horrelako egoerak errepika ez daitezen euskal errepresaliatu politikoek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu. Azken urteetan jasandako jazarpen politikoaren ondorioz eta torturak jasateko beldurraren ondorioz, gure senide eta lagun askok ihes egin behar izan dute euren etxeetatik; ez dakigu non bizi diren ez eta zein bizi baldintzetan bizi diren. Egoera hau bereziki zaila da euren senitartekoak non eta nola dauden ez dakitenentzat. Zenbait iheslari Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi dira: Venezuelan, Panaman, Kuban, Mexicon, Belgikan, Cabo Verden eta beste hainbat herrialdetan. Sarri egoera benetan latzak bizi dituztelarik. Gainera, momentu oro atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izateko beldurrarekin bizi dira. Errefuxiatu politikoen senide eta lagunek oso egoerak zailak bizi behar izaten dituzte. Erabateko ezjakintasunarekin bizi dira egunero. Eurekin komunikatu ahal duten kasuetan, hainbat oztopo gainditu behar izaten dituzte horretarako. Horrez gain, beraiek bisitatu ahal izateko gastu ekonomiko handi bati aurre egin behar izaten die. Eta oztopo hau gainditzea lortzen dutenetan ere, estatuen errepresioarekin aurkitzen dira. Egoera guztiz zailtzen dutelarik."

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada